HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 11
Aldi hartan, Jesus Galileatik Jordanera etorri zen Joan Bataiatzaileagana, honek bataia zezan. Joanek, berriz, ez zion utzi nahi eta esan zion: «Ni naiz Zuk bataiatu beharrekoa, eta Zu al zatoz nigana?». Jesusek erantzun zion: «Utzi oraingoz; horrela bete behar baitugu Jainkoak nahi duen guztia». Orduan, Joanek utzi egin zion. Jesus, bataiatu eta berehala, uretik atera zen. Hortan, zerua zabaldu zen, eta Jainkoaren Espiritua ikusi zuen uso-irudian jaisten eta bere gainera etortzen. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Hau da nire Semea, nire maitea; hau dut atsegin».
Mateo 3, 13-17.

Jesusen bataioak gure fede-bizitzaren muina ukitzen du. Jainkoaren Semea izanik, ez du pribilegiorik bilatzen, baizik eta gizaki guztien bidea partekatzen du, apaltasunez eta obedientziaz. Jordan ibaian, bekatarien artean jarriz, Jainkoak gurekin duen hurbiltasuna agerian uzten du: ez da urruneko Jainko bat, gure errealitatean murgiltzen den Jainkoa baizik. Une horretan zerua irekitzen da, eta Aitaren ahotsa entzuten da, Jesusen identitatea berretsiz: Seme maitatua da. Maitasun horretatik jaiotzen da bere misioa, zerbitzura emandako bizitza, alegia. Guk ere, bataioaren bidez, hitz horiek geuretzat jaso ditugu: Jainkoaren seme-alabak izateko deia eta dohaia. Askotan, ordea, gure barneko beldurrek edo erruek ahots hori estaltzen dute. Otoitzean, Jainkoaren begiradapean, berriro entzun dezakegu nor garen benetan, eta hortik aurrera, konfiantzaz bizi, kristau modura gure misioa aurrera jarraitzeko gai izan gaitezen.
Kristoren aurrean, berarekiko elkarrizketan ondorengo galdera erantzun:
Lekurik uzten al diot nire bizitzan gaur “zu nire seme/alaba maitea zara” esaten didan Jainkoari? Aukerarik ematen al diot Haren deia entzuteari? Nola aldatzen ditu horrek nire eguneroko jarrerak?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments