HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 10
Aldi hartan, Jesus, Espirituaren indarrez, Galileara itzuli zen, eta haren izena lurralde hartan guztian zabaldu zen. Hango sinagogetan irakasten zuen, eta denek goresten zuten. Jesus Nazaretera, bera hazitako herrira, joan zen, eta larunbatean, ohi zuenez, sinagogan sartu eta zutik jarri zen irakurgaia egiteko. Isaias profetaren liburua eman zioten eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu zuen: «Jaunaren Espiritua nire gainean dago, hark gantzutu bainau, behartsuei Berri Ona emateko. Gatibuei askatasuna eta itsuei ikusmena hots egitera bidali nau, zapalduei askatasuna ematera, Jaunaren onginahi-urtea hots egitera». Liburua bildu ondoren, laguntzaileari eman eta eseri zen. Denak sinagogan begira-begira zeuzkan. Jesus honela hasi zitzaien: «Gaur bete da orain entzun duzuen Liburu Santuko hitz hau». Denek Jesusen alde hitz egiten zuten eta harriturik zeuden Jainkoaren onginahiaz esaten zituenengatik.
Lukas 4, 14-22a.

Gaurko Berrionaren pasarteak Jesusen misioaren muina argi erakusten du. Espirituaren indarrez jarduten du, eta Nazareten, bere herrian bertan, Jainkoaren egitasmoa hitzez jartzen du. Isaiasen testua irakurriz, ez du teoria bat azaldu, baizik eta bere bizitza osoaren norabidea adierazi: behartsuei Berri Ona, gatibuei askatasuna eta zapalduei duintasuna ekartzeko etorria da. Horixe bera esaldi batez laburbiltzen du: «Gaur bete da». Jainkoaren salbazioa ez da etorkizun urruneko promesa, orain eta hemen gertatzen den eginkizuna baizik. Jesusen mezua onartzen dutenek halaxe egiaztatzeko aukera dute. Jesusen aldarrikapenak, alabaina, sinagogako entzuleak harritu, eta haiengan galdera deserosoak sortzen ditu. Entzuleak Jesusen aldarrikapenaren aurrean duen bigarren aukera da. Onartu nahi dugunoi, ordea, Jesusek hitzez ez ezik, ekintzez ere erakutsiko digu Berrionean zer esan nahi duen Jainkoaren onginahiak. Bidean gabiltzanok bataioan hartu genuen Espiritu berak gidatuko eta bultzatuko gaitu gure inguruan askatasunaren eta itxaropenaren lekuko izateko, eta Jesusen eginkizun askatzailearekin eta sendatzailearekin jarraitzeko.
Kristoren aurrean, berarekiko elkarrizketan: Identifikatzen al naiz Jesusen misioarekin? Zein neurritan? Bizi naizen inguruari begira zer eskatzen dit horrek?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments