HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 31
Hasieran bazen Hitza, eta Hitza Jainkoarekin zen, eta Jainko zen Hitza. Hitza hasieran Jainkoarekin zen. Gauza guztiak haren bidez eginak dira, eta egindakorik ezer ez da hura gabe egin. Hitzagan zen bizia, eta bizia gizakien argia zen; argiak ilunpean argi egiten du, baina ilunpeak ez zuen onartu. Agertu zen gizon bat, Jainkoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen, argiaren aitormen egitera, haren bidez guztiek sinets zezaten. Hura ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik. Hitza zen egiazko argia, mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituena. Munduan zegoen eta, mundua haren bidez egina den arren, munduak ez zuen ezagutu. Bereengana etorri zen, eta bereek ez zuten onartu. Onartu zuten guztiei, berriz, haren izenean sinesten dutenei, alegia, Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman zien. Hauek ez dira giza odoletik sortu, ezta giza nahieratik ere, Jainkoagandik baizik. Eta Hitza haragi egin zen, eta gure artean jarri zuen bizilekua, eta ikusi dugu haren aintza, Aitagandik graziaz eta egiaz betea datorren Seme bakarrari dagokion aintza. Joanek hartaz egin zuen aitormen, oihuka esanez: «Hau zen nik esan nuen hura: “Nire ondoren datorrena nire aurretik jarri da, ni baino lehenagokoa baitzen”». Eta haren betearen betetik guztiok hartu dugu, grazia graziaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emana zen; grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez du inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoen eta Jainko den Seme bakarrak ezagutarazi digu.
Joan 1, 1-18.

Joanek ez du bere burua protagonista bihurtu nahi; bere eginkizuna beste Norbait iragartzea da, nahiz eta hasieran ez jakin zehazki nora eramango duen Jainkoaren deiak. Berak espero duen Mesiasa ez da etorriko den hori, baina hori ez daki, eta ez da lanean jartzeko eragozpen. Haren indarra konfiantza horretan datza: Jainkoak eskatutakoa bete, eta hortaz bizi. Pasarteak gogorarazten digu Jesus bera gure ulermenetik harago dagoela, handiegia dela gure neurrietarako; hala ere, haren argia iragartzea beharrezkoa dela somatzen dugu, munduak salbamena behar duelako. Eta gu, Joanen antzera, Jainkoaren planaren zerbitzari izatera gaude deituta, geure protagonismoa baztertuz.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments