HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 28
Magoek alde egitean, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora, eta egon han nik esan arte, Herodes erregea haurra hil nahian ibiliko baita». Jaiki zen, beraz, Jose, hartu zituen haurra eta ama gauez eta Egiptora joan zen. Han egon zen Herodes hil arte. Horrela bete zen Jaunak profetaren bidez esandakoa: «Egiptotik etortzeko dei egin nion neure semeari». Herodes hil zenean, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri Egipton eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz Israelgo lurraldera, hilak baitira haurrari bizia kendu nahirik zebiltzanak». Jaiki zen, beraz, Jose, hartu zituen haurra eta ama, eta Israelgo lurraldera itzuli zen. Baina, Herodesen ondoren, Judean errege haren seme Arkelao zegoela jakinik, beldur izan zen hara joateko. Eta, ametsetan albistea harturik, Galileara jo zuen. Hara iritsi zenean, Nazaret deritzan herrian gelditu zen bizitzen, profetek esan zutena bete zedin: «Nazaretarra deituko diote».
Mateo 2, 13-15. 19. 23.

Jauntxoen apetetan katramilatuta dago jende xumearen bizitza. Magoen une magikoa itzaltzean, Joseri, Mariari, Jesusi eta beste hainbesteri historia mehatxagarria gailentzen zaie.
Giza historia harrotzen duen esperantzak, Josek bere baitan harrera egin dionak, ez omen du balio munduko arazoak konpontzeko, hainbat injustizia eta oinazeren artean, biziaren hari hauskorrari eusteko baino.
Jose gidatzen duen esperantza , pasiboa izan beharrean, inperatibo hutsa da: gaua da, ilun dago, mehatxuak nonahi, baina ez kikildu!, ez etsi!, ez geratu!, altxatu!, mugitu!
Erresilentziazko esperantza horrek argitua, Josek aditzen du kontua ez dela bere burua onik ateratzea, bizi zaurgarri mehatxatua zaintzea baizik, lagun hurko ahularen kargu egitea, hain zuzen.
Horrenbestez, esperantza hori oso berezia da; horrek gidatua, Josek diszernituko du Jainkoaren promesaren bila noiz eta nora joan, euriaren arabera artzainak larre guriak bilatzen dituen bezala; eta agintzariari adi egoteko, noiz eta non egon, artzainen antzinako jakituria egonarritsua bezala.
Jose lekukoa da.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments