HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Abenduak 27

Asteko lehen-egunean, Maria Magdalena Simon Pedrogana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien:

«Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non jarri duten». Atera ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea, eta hilobirantz abiatu ziren. Biak batera zihoazen lasterka, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro ere eta hilobian sartu zen. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; hau, ordea, ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean bildua baizik. Orduan, sartuzen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen.

Joan 20, 1a. 2-8.

Betleemen promesa haragi bihurtu da eta esperantzaren izarrak distira egin du. Gertakari horren esanahia, berriz, hilobiko porrotean ulertzen da.

Maria Magdalenak, Simon Pedrok eta Jesusek maite zuen ikasleak laguntzen digute Betleemgo misterioa ulertzen.

Hirurek jarri dute beren esperantza Jesusengan, hirurek sinetsi dute Jesus Jainkoaren promesa dela. Hirurentzat gurutzea agintzariaren porrota izan da eta haien esperantza hilobian lurperatua. Oroitzapena eta oroimina geratu zaizkie; Jesusen hilotza da promesaren aurriak, amets gozo baten azken hondakina. Maria Magdalenak eman du abisua: esperantzaren azken hondarra ere desagertu da!

Ikasle maitatuak –maitasunaren irudia– hegoak ditu misterioaren bila hegan egiteko, baina misterioaren atean, autoritateari itxaron dio. Autoritateak –Pedro– baieztatu du hilotza desagertu dela eta hilotzarekin zeuden objektuen zerrenda egin du: promesaren hutsa eta esperantzaren amaiera. Maitasunak, berriz, ulertu du absentzia horixe bera dela huts egiten ez duen esperantzaren oinarria, promesak heriotza garaitu baitu.  

Ikasle maitatua da lekukoa eta berak bere bizipena giza hitzetan –ebanjelioko testuan– gaztigatu digu.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.