HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 25 (Gauerdiko Meza)
Egun haietan, mundu guztiaren errolda egiteko agindua atera zuen Augusto enperadoreak. Lehenengo errolda hau Siriako gobernadore Kirino zela egin zen. Beraz, erroldatzera joan ziren denak, nor bere herrira. Jose ere, Daviden etxekoa eta jatorrikoa izanik, Galileako Nazaret herritik Judeara igo zen, Betleem deritzan Daviden herrira, bere emazte Mariarekin erroldatzera. Maria haurdun zegoen. Betleemen zeudela, haurra izateko egunak bete zitzaizkion, eta bere lehen-semea izan zuen. Oihaletan bildu eta askan etzan zuen, ez baitzen ostatuan haientzako lekurik. Baziren inguru hartan artzain batzuk, gauez beren artaldea txandaka zaintzen. Honetan Jaunaren aingerua agertu zitzaien, eta Jaunaren aintzak argiz inguratu zituen; haiek, beldurrak jota gelditu ziren. Aingeruak, ordea, esan zien: «Ez beldur izan! Begira, poz handia sortuko duen berri ona iragartzen dizuet, herri guztiarentzat izango dena: Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna jaio zaizue gaur Daviden herrian. Eta hau izango duzue seinale: haur bat aurkituko duzue, oihaletan bildua eta askan etzana». Eta bat-batean zerutar talde handia bildu zitzaion aingeruari, Jainkoa goresten zuela, esanez: «Aintza zeruetan Jainkoari, eta bakea lurrean haren gogoko gizon-emakumeei».
Lukas 2, 1-14.

Handi-mandiek agintzen dutena herri xumeak bete behar du. Boteretsuek badute izena; haien ideia distiratsuak eta proiektu itogarriak giza historia handiaren liburuetan idazten dira: historiaren aurkia.
Herri xumeak, berriz, leku batetik bestera mugitu behar du, agintarien apeten arabera: historiaren ifrentzua.
Jainkoaren promesa ernaldu da Mariaren sabelean eta ez du lekurik historiaren aurkian. Jainkoaren agintzaria non eta oihaletan bildu eta askan etzandako haur zaurgarriarengan haragitu baita: ifrentzuko garrantzirik gabeko gertakizun ñimiñoan.
Nortzuek aurkitu dute? Giza historiaren ifrentzuan daudenek, balio sozial handirik ez dutenek, artzainek hain zuzen.
Munduko boteretsuek beren proiektuetan jarri dute esperantza. Paradoxikoki, jauntxoen esperantza hori guztia desagertu egingo da bai proiektu horien porrotarekin bai arrakastarekin: historiaren haizeak sakabanatzen duen kea.
Oihaletan bildu eta askan etzandako haur zaurgarriarengan bestelako esperantza errotzen da: porrotek ez dute itotzen eta behin behineko arrakasta historikoek ez dute agortzen.
Giza historiaren ifrentzuan, Jose eta Maria izan dira lekuko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments