HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 25 (Eguneko Meza)
Hasieran bazen Hitza, eta Hitza Jainkoarekin zen, eta Jainko zen Hitza. Hitza hasieran Jainkoarekin zen. Gauza guztiak haren bidez eginak dira, eta egindakorik ezer ez da hura gabe egin. Hitzagan zen bizia, eta bizia gizakien argia zen; argiak ilunpean argi egiten du, baina ilunpeak ez zuen onartu. Agertu zen gizon bat, Jainkoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen, argiaren aitormen egitera, haren bidez guztiek sinets zezaten. Hura ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik. Hitza zen egiazko argia, mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituena. Munduan zegoen eta, mundua haren bidez egina den arren, munduak ez zuen ezagutu. Bereengana etorri zen, eta bereek ez zuten onartu. Onartu zuten guztiei, berriz, haren izenean sinesten dutenei, alegia, Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman zien. Hauek ez dira giza odoletik sortu, ezta giza nahieratik ere, Jainkoagandik baizik. Eta Hitza haragi egin zen, eta gure artean jarri zuen bizilekua, eta ikusi dugu haren aintza, Aitagandik graziaz eta egiaz betea datorren Seme bakarrari dagokion aintza. Joanek hartaz egin zuen aitormen, oihuka esanez: «Hau zen nik esan nuen hura: “Nire ondoren datorrena nire aurretik jarri da, ni baino lehenagokoa baitzen”». Eta haren betearen betetik guztiok hartu dugu grazia graziaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emana zen; grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez du inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoen eta Jainko den Seme bakarrak ezagutarazi digu.
Joan 1, 1-18.

Sarraski eta krudelkeria ororen gauean, giza historiako gizakien oihu desesperatuen artean, kalkulu guztien kontra, giza esperantza guztietatik harago, hitzemandako promesa beteko zeneko esperantza haragi bihurtu dela ospatzen dugu Gabonetan: esperantzaren Eguberria.
Kristau fedeak aitortzen du ez duela Jainkoa ikusi; Jainkoa izan badela susmatzen duela, baina ez duela haren aurpegia ezagutzen.
Hori horrela, zer esan dezake kristauak? Soilik Jainko izendaezina promesa dela eta Bera den promesa (Hitza) haragi bihurtu dela, hots, giza historian egin duela bere bizilekua; hortaz, Izendaezina dena gizaki bakoitzarekin maiteminduta dagoela, bakoitzaren bila dabilela; hain zuzen ere, erokeria horretan datza kristau esperantza, giza historia ernaltzen duena, huts egiten ez duena.
Hitza haragi bihurtu da, eta eskale miserable moduan, harreraren bila dabil gure hitzen artean. Gabonetan Hitzak baimena eskatzen digu gure etxean sartzeko, gure elkarrizketan parte hartzeko; horrela, gure giza historia ernaldu, gure iluntasunak argitu ahal izateko.
Gure barneko atea zabalduko ahal diogu!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Eskerrik asko. Ederra!
Eguberri on!!