HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 24

Aldi hartan, Zakarias, Joan haurraren aita, Espiritu Santuaz beterik, profeta bezala mintzatu zen, esanez: «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, agertu eta bere herria askatu duena! Salbamen-indarra digu eman bere morroi Daviden etxean. Hala hitzemana zuen antzinatik bere profeta santuen ahoz: salbatuko gintuela geure etsaien menpetik, gorroto gaituzten guztien eskutik. Horrela agertu du gure gurasoenganako errukia eta oroitu da bere itun santuaz, gure guraso Abrahami egindako zinaz: berak emango zigula, etsaien eskutik askaturik, beldur gabe bera zerbitzatzea, santu eta zuzen izanez haren aurrean geure bizitza guztian. Zuri, berriz, haurtxo horri, Goi-goikoaren profeta deituko dizute, Jaunaren aurretik joango baitzara hari bidea prestatuz, erakustearren haren herriari salbamena, beren bekatuen barkamena. Gure Jainkoaren errai errukitsuengatik, agertuko zaigu goiz-eguzkia zeru goitik, ilunpean eta Herio-itzalean daudenei argi egitera, gure oinok bake-bidean zuzentzera».

Lukas 1, 67-79.

Seme kutunari bere izena jartzeari uko egitean, Zakariasek ulertu du benetako esperantzaren argi-metxa mehe eta xumeak bizirik dirauela eta mihia askatu zaio (historia berri baten narrazioa hasi da).

Ulertu du Jainkoa betidanik konprometituta egon dela giza historian, nahiz eta giza desirak ez bete.

Ulertu du Jainkoaren promesa  ez zaiela giza arrakasta-nahiei lotzen, ezta gizaki boteretsuen ekintzetan islatzen ere.

Ulertu du Jainkoaren promesa errai errukitsuei lotzen zaiela; giza historia malkartsuaren zeru goitik errai errukitsuak gailentzen direla eta laino guztien gainetik eguzkia dela jaun.

Bizipen horrek argituta, Zakariasen esperantzak, mehe eta xume izan arren, ez du herio-itzalean huts egin, eta, giza historiaren krudelkeriak krudelkeria –itzal beldurgarriak gureak–, haren oinak bake-bidetik ibiltzeko gai izan dira.

Zakariasen lekukotasuna egia da, gaur bertan ospatzen baitugu errai errukitsuak haragi egin direla indarrik gabeko haurtxo baten ahulezia biluzian.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.