HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 23

Haurra izateko denbora bete zitzaionean, Elisabetek semea izan zuen. Jakin zuten auzokoek eta ahaideek zein erruki handia agertu zion Jaunak, eta zorionak ematen zizkioten. Jaio eta zortzigarren egunera, haurra erdaintzera eraman zuten, eta aitaren izena jarri nahi zioten, Zakarias. Amak, ordea, esan zuen: «Ez! Joan izango du izena». Esan zioten: «Ez duzue senitartean inor izen hori duenik». Orduan, aitari keinuka galdetu zioten zein izen eman nahi zion haurrari. Eta hark oholtxo bat eskatu eta idatzi zuen: «Joan du izena». Denak harriturik gelditu ziren. Bat-batean mihia askatu zitzaion Zakariasi, eta hitz egiten hasi zen eta Jainkoa goresten. Beldurrak hartu zituen auzoko guztiak, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zen gertatuaren berri. Entzuten zuten guztiek beren baitarako esaten zuten: «Zer izango ote da ume hau?». Zeren Jainkoaren eskua harekin baitzegoen.

Lukas 1, 57-66.

Kristau esperantzaren logika ez da western pelikulena, hots, giza historian dena ondo amaituko dela itxarotea.

Fededunen iruditeriari akats bat itsats dakioke: behingoz biziki desiratutako miraria gertatu(ko) dela –western pelikularen amaiera eta kito (the end).

Joan, desiratutako seme kutuna, Elisabeten eta Zakariasen bete ezinezko ametsa zen. Giza historiaren probabilitate-kalkulu guztien kontra, gertaezina zirudiena gertatu denean, guraso zaharrek ametsa beteta zegoela pentsa zezaketen eta, egin-eginean, haiek zirela ametsaren giltza: pelikularen amaiera.

Ez dute horrela jokatu. Semeari familiaren izena (izana) jartzeari uko egitean, mihia askatu zaio Zakariasi: pelikularen hasiera.

Horrenbestez, adineko bikote horrek bi mezu, behinik behin, utzi dizkigu kristau erromesoi: batetik, ez garela Jainkoak egindako agintzariaren giltza; bestetik, agintzariari lotutako esperantza ez datzala gure izenaren (proiektuen) iraupenean.

Agidanez, Gabonetan ernaltzen den kristau fedea ez datza zerbaiti atxikitzean, denari desatxikitzean baizik. Hori horrela, Herodesen garaipenak eta Joanen porrotak ez dute esperantzaren ahulduriko argi-metxa mehea eta xumea itzaltzen.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.