Neguko solstizioa ospakizun handia izan da gurean, kristau aurretik eta batez ere ostean. Gabonetako abesti ugari dauzkagu, eta oso politak gainera. Abesti batzuk paganoak dira. “ Ator-ator” esaterako baina gehienak Jesusen jaiotzaren ingurukoak dira, abestion letrak ikustea baino ez dago. Gaurkoan Olentzeroren abestia aipatu eta azalduko dugu, urteak joan urteak etorri aldaketak sortu direlako. Olentzeroren abestiaren letrak hiru zati dauzka. Lehenengoan Olentzero izenez ezagutzen dugun jentilak Jesusen jaiotzaren berri ematen digu. Bigarren zatian Olentzero eserita dago jan-edanean eta pipa hortzetan duelarik. Hirugarrenean Olentzero buruhandi eta edale bezala agertzen zaigu. Jatorrizko abestia Lesaka inguruan jasoa omen da eta urteen porasuz aldaketak izan ditu. Bi aldaketa aipatuko ditugu. Bata, aspaldikoa da. Hirugarren zatian “entendimentuz jantzia” zabaldu da herrian, beharbada, Olentzero azken jentil misiolaria izan zelako, baina jatorrizko letran “entendimentu gabia” (gabea) dator. Zergaitik? Ba, bost arroago zahagi-ardoa edan zuelako, agian. Bestea, lehen zatiko “Jesus jaio dela” barik “negua heldu dela” ere kantatzen da hortik kristau kutsua paganizatzeko-edo. Paganizatze hau abesti mota gehiagotan ere gertatu da, “Agur Jaunak” abestian esaterako. Baina abestiak errespetatu behar lirateke, sinismendunak izan edo ez izan. Iturrira jo behar da edozein arlotan eta leku-denboretako letra aldaketak ez dira egokienak historia zehatza egiteko.
Gau ilunez ilargia
egun argiz eguzkia,
bakean eta bizipozean
ospatu Gabonaldia.
0 Comments