HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 14
Aldi hartan, Joan Bataiatzaileak, kartzelan Kristoren egiteen berri izanik, bere ikasle batzuk bidali zizkion galdetzera: «Zu al zara etortzekoa ala besteren baten zain egon behar dugu?». Jesusek erantzun zien: «Zoazte eta esan Joani entzuten eta ikusten duzuena: itsuek ikusten dute eta herrenak badabiltza, legenardunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzuten dute, hilak pizten dira eta behartsuei Berri Ona hots egiten zaie. Eta zorionekoa nigatik erorbide hartzen ez duena!». Haiek alde egitean, Joanez mintzatzen hasi zitzaion Jesus jendeari: «Zer ikustera atera zineten basamortura? Haizeak astintzen duen kanabera? Edota zer ikustera atera zineten? Apain jantzitako gizona? Apain janzten direnak errege-jauregietan egoten dira. Zer ikustera atera zineten, bada? Profetaren bat? Baietz diotsuet, eta profeta baino ere handiago dena. Horretaz dago idatzia Liburu Santuan: “Begira, neure mezularia bidaltzen dut zure aurretik, zuri bidea prestatzera”. Egiaz diotsuet: Ez da sortu amaren semerik Joan Bataiatzailea baino handiagorik. Hala ere, zeruetako erreinuko txikiena hura baino handiago da».
Mateo 11, 2-11.
.

Eguberria hurbil daukagula adierazten dute gaurko irakurgaiek. Eta horregatik gaurko igandea “Gaudete” “Poztazun” igandea da, Isaias profetaren irakurgaiak erabiltzen duen lehen hitza jasoz. Ildo honetatik gaurko ebanjelioa irakurrita poztasunari arrastoa jarraitzeko seinaleak adierazten dizkigula esango genuke. Arrastoak zalantza sortzen ez dutenen horietakoak dira bai, baina ez beti bilatzen dugun poztasunarekin bat datozenetakoak. Ebanjelioak berri onaz gain, berritasuna dakar. Garaian garaiko berria eta ona denarekin lotzen gaitu. Gaurko egunez esan dezakegu Jesusek adierazten dituen arrastoek gugandik irtetzea eskatzen digutela; beherantz begiratzen jartzen gaituztela; bazterretan dagoen berria aurkitzen; askatasun aldarriak entzuten; itxaropenerako arrazoiak partekatzen. Orduan bai ebanjelioaren poztasuna eta berri ona jasotzeko eta bizitzeko prestatuta egongo ginatekeela. Eta azken finean, Eguberri jaiak ospatzeko. Baina badugu oraindik abendualdiko aste berri bat aurretik guzti honetan sakontzeko eta Jaungoikoaren argia eskatzeko. Hala bedi!!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments