HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 9
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Zer deritzozue? Gizon batek ehun ardi baldin baditu eta bat galtzen bazaio, ez al da laurogeita hemeretziak mendian utzi eta galdutakoaren bila joango? Eta aurkitzen badu, benetan diotsuet, poz handiagoa izango du bakar harengatik, galdu ez diren laurogeita hemeretziengatik baino. Era berean, zeruko zuen Aitak ez du nahi txiki hauetako bat ere galtzerik».
Mateo 18, 12-14.
.

Ebanjelioak bizitzarekin lotura estua duela saiatzen gara behin eta berriro azaltzen. Baina egia esan behar badugu, kaletarrok, arrotzak ikusten ditugu gure buruak nekazal munduarekin lotura duten irudiekin; ez zaizkigu beti esanguratsuak egiten. Artzain eta ardien arteko harremana ulertezina egiten zaigu eta gure buru-bihotz merkantilistek ez diote praktikotasun handirik ikusten parabola honi, edo antzekoei. Baina bai kaletarrok baita nekazal giroan uztartutako pertsonak ere, zein ondo ulertzen dugun gure bila etortzearen onura. Pertsona orok dakigu zein esanguratsua den faltan botatzen digutela jakiteak, norbaitentzat esanguratsuak garela jakiteak. Horregatik egiten zaigu horren hunkigarria eta mamitsua parabola hau. Horregatik egiten zaigu horren eraginkorra Jesusek dakarkigun Berri Ona: gu ere era berean berdin bizitzera gonbidatzen, bultzatzen gaituelako, norbanakako mailan zein giza antolaketa mailan. Pertsona guztiok dugu ukaezineko balioa.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments