HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 7
Egun haietan, Joan Bataiatzailea Judeako basamortuan agertu zen, hots eginez: «Bihotz berri zaitezte, hurbil da eta zeruetako erreinua». Honengatik esana zuen Isaiasek: «Mintzo bat oihuka ari da basamortuan: Urra ezazue bidea Jaunarentzat, zuzendu haren bidexkak». Joanek gamelu-larruzkoa zuen jantzia, eta gerrian, larruzko gerrikoa, eta matxinsaltoak eta basa-eztia zituen janari. Jerusalemetik, Judea osotik eta Jordan aldetik harengana joaten zen jende guztia; haiek aitortzen zituzten beren bekatuak, eta hark bataiatu egiten zituen Jordan ibaian. Baina Joanek, fariseu eta saduzear asko bere bataioa hartzera zetozkiola ikusirik, esan zien: «Sugekumeok! Nork irakatsi dizue, gainean duzuen haserreari ihes egiten? Eman itzazue bihotz- berritzeari dagozkion fruituak. Eta ez esan zeuen baitan: “guk Abraham dugu aita”. Hara zer esaten dizuedan: Jainkoak harri horietatik ere sor diezazkioke seme-alabak Abrahami. Ezarri diote aizkora zuhaitz hondoari; fruitu onik ematen ez duen zuhaitza, hondotik ebaki eta sura botako dute. Nik urez bataiatzen zaituztet, bihotz-berri zaitezten; nire ondoren datorrena, ordea, ni baino ahaltsuago da, ni ez bainaiz inor haren oinetakoak eramateko ere; hark Espiritu Santuaz eta suaz bataiatuko zaituzte. Eskuan dauka sardea; larraina garbituko du eta garia mandiora bilduko; lastoa, berriz, itzali ezin den suan erreko du».
Mateo 3, 1-12.
.

Joan Bataiatzailea basamortuan agertzen da, eta, hein batean, basamortua bera dugu mezua. Izan ere, hutsunean, hustasunean baino ezin da entzun benetako ahotsa. Joanek bere mezua zabaltzeko, besteak konbenzintzeko, ez du apaingarririk behar, ez du ezezin jantzi berezirik behar, ez eta diskurtso korapilatsurik ere. Bere bizitza bera, nola bizi zen, laguntzen dio bere mezua zabaltze horretan.
“Bihotz berri zaitezte” delako hori da bere oihua. Eta oihu horren atzean ez dago errietarik, baizik eta gonbidapen bat: bihotza berriz orientatzeko, bide nagusitik desbideratzen gaituen guztia bazter uzteko. Joanek ez du harrotasun espiritualik bilatzen; Jainkoaren bila ezin da norbere merituen gainean eserita abiatu.
Joan eta bere jarduna, bi-biek irudi ezin adierazgarriago bat osatzen dute. Gizakiak askotan nahiago du hondarrean eraiki, itxuraren gainean, azalekoa den horren gainean. Honen harira, Joanek zera esaten digu, aizkora dagoela sustraiaren ondoan, hau da, funtsezkoak ez diren gauzak eroriko direla. Hori baina, ez da inondik ere mehatxu bat. Garbiketa baterako gonbita baino ez da, gatibu egiten gaituzten, eta Jainkoarentzako lekua okupatzen duten, sasi sinesmenak bazter uzteko gonbita.
Azkenik, Jesusen etorreraren berri ematen digu Joanek, bera baino askoz handiagotzat duen Jesusena. Joanek ez bezala, Jesusek ez gaitu urez bataiatuko, baizik eta Espiritu Santuaz eta bere suaz, barnean argitasuna eman eta betiko garbitzen eta eraldatzen duen Espiritu-suaz. Joan Jesusentzako bidea aurre-prestaketak egiten ari da, bidean toki utzi nahi dio benetako argia izango den Jesusi.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments