HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 6

Aldi hartan, herriz herri eta auzorik auzo zebilen Jesus, hango sinagogetan irakasten, erreinuari buruzko Berri Ona hots egiten eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzen. Jendetza ikustean, erruki izan zuen, nekatua eta lur joa baitzegoen jende hura, artzainik gabeko ardiak bezala. Orduan, ikasleei esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara». Eta hamabi ikasleei dei egin eta ahalmena eman zien espiritu gaiztoak botatzeko eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzeko. Hamabi horiek bidali zituen Jesusek, ohar hauek eginez: «Zoazte galduak dabiltzan Israel herriko ardietara. Eta bidean zoaztela, hots egin hurbil dela zeruetako erreinua. Senda itzazue gaixoak, piztu hildakoak, garbitu lepradunak, bota deabruak; hutsean hartu duzue, eman hutsean».

Mateo 9, 35-10,1.5a.6-8

.

Jesus herriz herri, auzoz auzo dabil. Bilatu eta bilatu ibiltzen da beti Jesus, gizaki behartua non, Bera han. Berak dakarkiguna ez da ideologia bat, ez eta doktrina bat ere, zinetan bizitzan sufritzen ari den horri eman nahi dio betiko lasaitua eta itxaropena.

Jendetza ikustean, Jesus errukitzen da. Erruki hau baina, ez da emozio hutsa. Besteen mina bere gain hartzen du Jesusek. Jendea “artzainik gabeko ardiak bezala” ikusten du, hau da, norabiderik gabe, nekatuta, itxaropenik gabe, barrutik nahastu samar…. Jesusek jende hori epaitu ez, eta hasteko eta behin begiratzen dio, beste gabe begiratzen dio, bere begirada ezin errukitsuagoaz.

Hurren, Jesus, ikasleengana zuzendu, eta sinple bezain argi zera esaten die: “Uzta ugaria da, baina langileak gutxi”. Hemen Jesusen gonbita eta deia dugu. Ezin da Jesusen errukia ezagutu, Bera den Egia topatu eta bere horretan utzi gertakaria hau. Berri ona, Ebanjelioa,  ez da soilik  kontenplatzeko zerbait, ez da soilik norberarentzat gorde beharreko zerbait. Norberak jaso duen hori besteekin partekatzeko da, jasotakoa zabaltzeko da (“hutsean hartu duzue, eman hutsean”).

“Zoazte galduak dabiltzan ardiengana” Jesusen esana horren harira dator. Hori esanda, Berri Ona zabaltzera, partekatzera bidaltzen ditu ikasleak, eta gaur egun kristau sinesdun guztiok ere bidaltzen gaitu. Bidaliak izate hori berez ez genuke klabe geografiko batean ulertu behar, baizik-eta, gertu zein urrun, bizitzak zauritu dituen hurko horiek guztiak aintzat hartzen dituen klabean.

Jainkoaren grazia ez da kontserbatzeko gauza bat, ez ospea emateko, ezta nagusitasuna emateko ere. Opari da, eta opariak beste bati pasatzen zaionean soilik betetzen du bere eginkizuna.

Jesusek ez du sinesdunok heroi izaterik nahi. Bere errukiaren lekukoak izan gaitezen aski zaio. Hori dugu azken finean dugun benetako misioa: zaurian egotea, argi apal bat eramatea sufritzen ari direnei, eta Jesusengandik jaso dugun hori, hau da, maitasunaren errukiaz betetako begirada, galduak dabiltzanei eramatea.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.