Xabierko Frantzisko eta Loiolako Ignazio, bi santu euskaldun

2025 Abe 5

1521ko maiatzaren 20an nafar-frantses gudaroste “askatzailea” Iruñean sartu zen. Iñigo Lopez Loiolakoak, 1512an konkistatu zutenetik Nafarroako erregeorde izan zen Naxerako dukearen zerbitzariak, defendatuko du gotorlekua, erresistentziaren arima izanik. Artilleria frantziarrak, Europako onena, Iñigoren eskuineko hanka hautsi zuen eta ezkerrekoa kaltetua geratu zen. Loiolako Ignazioren autobiografia jakingarrian kontatzen da Iñigo oso ondo tratatua izan zela: “frantziarrek ederki artatuzuten”,  ala naparrek?.

Frantzisko, Xabierkoa edota Jatsukoa, hemeretzi urtez bizi izan zen, dakigunez, gaztelutik apenas atera gabe, 1525eko irailean Parisko Unibertsitatera joan arte. Xabierko Frantziskok, hamabost urte zituen eta amaren ondoan bizi zen agaramondarren buruzagi baten gazteluan, bere bi anaiak Nafarroako errege legitimistaren aldeko borroka latzetan zeuden bitartean. Bi anaiek, Joan eta Migel, azkenean, enperadorearen baldintzak onartu zituzten eta Xabierko gaztelura itzuli ziren 1524n.

Iñigok Loiolako dorretxean zortzi hilabete inguru behar izan zituen zauriak zaindu eta osasuna bizkortu arte. Ordu luzeak izan zituen bere barnetasunean murgiltzeko eta Jesukristoren bizitza eta santuen bizitzak kontatzen dituzten liburuak irakurtzeko beste libururik ez baitzegoen etxe hartan. Hori da berekoinatak esan zionez. Irakurriz eta irakurriz gogoeta sakonak egiten zituen. Horrela Jainkoa baliatu zen bere bizitza guztiz kontrako norabidean jartzeko.

 Gero Jesusen deia entzuten du “arimei laguntzeko”. Bere arimari, bizitzari benetako zentzua bilatu eta aurkitzeko, on egin ziena, besteei ere eskaintzeko deia sentitzen du. Prozesu hori GOGOJARDUNAK liburu bitxian idatziko du eta historian zehar milioika pertsonari lagundu dio eta laguntzen jarraitzen dio bizitzaz arduratzeko eta aldatzeko kristau bidean. Horregatik, ikasteko Parisko Sorbona unibertsitatera joan zen 1529an, Alkalako eta Salamankako unibertsitateetatik pasa ondoren. Bai GOGOJARDUNEN bidez lagun berriak egin talde modura Jesusi jarraitzeko biziera behartsu eta apostolikoaren bidez. Inkisizioarekin arazoak izan zituen, espetxea dastatzeko haina.

Esan bezala 19 urterekin Pariseko bidean, 1525ean. Amaren kezka semeak al zeraman? Paris hiri famatuak ez ote du irentsiko?

Gelan beste ikasle jator batekin bizi zen, Pedro Fabro saboiarra, Saboiako artzainen seme. Gizon apala eta elizkoia, adiskide onak egiteko modukoa. Egun batez, hor agertu zen gizontxo bat, erdi maingu, erdi eskale. Pedrok harrera ona egin zion, noski; baina Frantzisko harroa eta jauntxo-tankerakoa, eta jakinik nor izan zen, familiaren hondamendiaren errudun bat, eta ez txikia, ez zen gustura geratu. Zalantzarik gabe oroitu zen Loiolatarren eta Xabiertarren etsaigoaz Nafarroako gudan. Ignaziok ez zuen etsi, bazekien Frantzisko altxor baliotsua, gazte suhar eta erne zela baina landu gabea, hau da, Gogojardunen faltan Jainkoaren benetako nahia bilatzeko eta betetzeko. Egia esan, beste interesek, jatorrak ere, mugiarazten zuten; baina ez agian Jainkoarenak. Horregatik zenbat aldiz ez zion errepikatuko Jesusen esaldi potolo hura: “zer balio du gizonak mundu guztia irabaz dezan, arima galtzen badu?” Emeki-emeki bihotza zulatzen joan zitzaion. Ignazio Jainkoari guztiz emana zen eta saiatzen ari zen etengabe eta zuhur gazte unibertsitario batzuk bereganatzen Jesusen eta Elizaren zerbitzurako.

Parisko unibertsitatean eta logela berean elkar ezagutu zuten 1530 urte inguruan. Esan bezala, hasierako harremanak ez ziren onak izan, goian aipatutakoagatik. Elkarrekin bizi izan ziren logela berean beste bi ikaslerekin. Ez zen erraza euren arteko harremana. Bi norabide oso desberdin zituztelako. Ignaziok bere erlijio-proiekturako ikaskide batzuk bereganatu zituen Gogojardunen bidez eta oztopo ugari gaindituz unibertsitateko autoritateekin. Baina Frantzisko bere talderako irabaztea izugarri kosta zitzaion.  Hala eta guzti ere esan dezakegu 1533an bere konbertsioa gertatu zela. Erlijio egitasmo baten inguruan Ignaziok sorturiko taldean sartu egiten da, baina artean Gogojardunak egin gabe, bere maisu lanak ezin baitzion uzten hilabete osoa hartzea.

Hurrengo urtea izango da taldekideen azkena egin zituen garaia. Serio hartu zituen, konbertsio eta gero gauzak hartzen zituen bezala. Parisen bakardadera erretiratu zen Ignazio gidaritzapean. Batzuetan ere beste lagunek bisitatzen zuten. Penitentzia handiak egin zituen, batez ere lehenbiziko astean, pekatuak meditatzen diren egun horietan. Gogoratzen zituen kiroletan irabazitako ospea, arrakasta eta harrokeria.

Arestian aipatu dugu Erroman geratu beharra izan zutela. Elkarte-talde diszernimentu prozesu baten bidez 1539an aukera, hautatu zuten Jainkoaren nahia zela erlijio ordena berri bat sortzea eliza katoliko gorabeheratsu hartako barruan. Hasieran Ignaziotarren edo Iñigisten ordena erlijiosoa deituko zela pentsatu zuten batzuek, baina Ignaziok konbentzitu zituen Nagusia ez zela bera izango, Jesus baizik, Jesukristo Gure Jauna. Horrela, nahiz eta Erroman zailtasunak aurkitu, hautatu zuten eta aita santuak onartu, izena: JESUSEN LAGUNDIA. Zergatik? Haiek lagunak, adiskideak egin ziren, Jaunagan lagunak, oso desberdin izanik, Jesusengatik, ebanjelio arrazoiengatik.

Portugalgo erregearen enbaxadoreak aldegin behar zuen azkar Erromatik Lisboara, horregatik Ignaziok bi jesuita izendatu zituen berarekin joateko eta handik Indietara abiatzeko ebanjelizatzaile misio erraldoia zabaltzera, aita santuaren nuntzio izanik. Jainkoaren probindentziak edo halabeharrak nahi izan zuen bietako bat gaixo jartzea eta ezin joan. Ignaziori Erroman ez zitzaion beste gizon egoki bat geratzen Frantzisko Xabier baino. Horrela sortu bide zen gure nafar prestuaren eta misiolarien zaindariaren Ekialdeko misiolari bokazioa.

Beraz, urte gutxitan, hamarren bat urte, elkarrekin bizi izan ziren gure bi lagunak. Aurrerantzean eskutitzen bidez elkarren berri izan zuten eta beren arteko adiskidantza eta Ignaziorekiko Frantziskoren miresmena eta eskerrona ezagutzeko balio izan digute. Jainkoak eta Jesusen jarraipenak  bildu egin zituen bi gizon aparta eta apartatu hauek norabide berean.  Atzean aberastasunak, ohoreak, ondasunak, munduko amets piloa utzita Jainkoaren erreinuagatik.

Xabierren gaztelua dugu, bere jaiotetxea, eta bertan XIV. mendeko intxaurrondozko Kristo gurutziltzatua. Xabierrek debozio, jaiera, izugarria zion. “Kristo irritsua” deitzen zaio irribarrez dagoela ematen duelako. Kristautasunaren muina da Jesu Kristok bizia eman zuela guztiongatik eta Jaungoiko Aitak bizi berria eman ziola piztueran.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.