HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 5
Aldi hartan, Jesus handik ateratzean, bi itsuk jarraitu zioten, oihuka: «Erruki zakizkigu, Daviden Seme!». Etxera heltzean, itsuak hurbildu zitzaizkion eta Jesusek esan zien: «Sinesten al duzue hori egin dezakedala?». Haiek erantzun: «Bai, Jauna. Orduan, begiak ukitu zizkien, esanez: «Gerta bekizue sinesten duzuen bezala». Eta ireki egin zitzaizkien begiak. Jesusek zorrotz agindu zien: «Begira, gero, ez dezala inork ere jakin». Baina haiek, atera orduko, eskualde guztian eman zuten Jesusen berri.
Mateo 9, 27-31.

Ikusmen fisikoa berreskuratzea ahalbidetu zuen mirari honen bitartez, fisiko huts den hori bainoago, fedeak zabaltzen duen bihotzaren ikusmenaren berri eman nahi digu Jesusek. Gaurko pasarte honetan ere, “erruki zakizkigu” oihu horren bitartez, Jesusenganako hurreratzean apaltasun erabatekoaren garrantzia nabarmendu nahi da. Itsu hauek teologiaz ezer gutxi jakingo zuten. Hitz apal-apalez mintzo zaizkio Jesusi, beren bizitza urratutik, beren beharretik. Hori baina, aski zaio Jesusi.
Halere, Jesusek, aurrenik, sendatu ez, eta galdera bat luzatzen die, galdera zehatz eta sinple bat: “Sinesten al duzue hori egin dezakedala?”. Jesusen galderak beti gure barnean hartzen du bere zentzua: sinesten al dugu guk, denok, zinetan, senda gaitzakeela? Sinesten al dugu benetan gure barne iluntasuna argitu dezakeela Berak?
Itsuek “Bai, Jauna” esaten dutenean, egi-egia esatera, ez dute ezein bestelako azalpenik ematen. Egia esatera, ez dakite nola gertatuko den. Horren aurrean, Jesusen hitzek zuzenak bezain eraginkorrak izan nahi dute: “Gerta bekizue sinesten duzuen bezala”. Mirariak mirari ere, sendabidea ez da kanpoko indar baten erakusgarri, baizik eta bihotzaren zabaltzearen araberakoa.
Begiak zabaltzen dizkienean, isilik egoteko, gertatutakoa ez kontatzeko eskatzen die Jesusek, miraria albiste ez bihurtzearren-edo. Alabaina, aurrez itsu izandako horiek ezin dute euren errealitate berria gordeta eduki, ezin isil-gordeka bizi berau. Jesusek ikusmena eman die, baina are inportanteagoa dena, Jesus beraiengan egongo da aurrerantzean, Berarengan piztu den fedearen bidez. Horrelakorik ezin da isildu. Hala egin beharko genuke geuk ere, izan ere, nekez esan ahal izango dugu fede sendo bat dugula gure izaera, gure pozean eta gure bizitzeko moldean berau hautemateko modukoa ez baldin bada.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments