HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 3
Aldi hartan, Galileako itsasbazterrera joan zen Jesus; mendira igo eta han eseri zen. Jende asko hurbildu zitzaion, herren, itsu, besamotz, mutu eta bestelako gaixo asko eramanez; oinetan jartzen zizkioten, eta hark sendatu egiten zituen. Jendea harritua gelditu zen ikusten zuenaz: mutuak hizketan, besamotzak sendatuak, herrenak ibiltzen eta itsuak ikusten. Eta Israelen Jainkoa goresten hasi ziren. Jesusek ikasleei dei egin eta esan zien: «Erruki dut jende hau; badarama hiru egun nirekin eta ez du jatekorik. Ez ditut baraurik bidali nahi, bidean akitu ez daitezen». Ikasleek esan zioten: «Nondik atera guk basamortu honetan horrenbeste jende asetzeko lain ogi?». Jesusek esan zien:
«Zenbat ogi duzue?». Haiek erantzun: «Zazpi, eta arraintxo bakar batzuk». Lurrean esertzeko agindu zion jendeari; gero, hartu zituen zazpi ogiak eta arrainak eta, esker-otoitza egin ondoren, zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta ikasleek jendeari. Denek jan zuten ase arte, eta gelditutako hondarrekin zazpi saski bete bildu zituzten.
Mateo 15, 29-37.

Ebanjelio honek erakusten du Jesus beti joaten dela gizakiaren zaurira (mendian esertzen da, eta jendea, bere neke eta min guztiekin, haren aurrera erakartzen du). Jesus inondik ere urrundu ez, eta ukitu, entzun egiten digu, eta sendatu egiten gaitu. Halere, ez da bere mirariekin txunditu nahi duen profeta bat. Oso bestelakoa da kontua, lagun hurkoaren saminaren aurrean inoizkorik axolatuen agertuko zaigu Jesus.
Alabaina, pasartearen muina ez datza sendaketa ikusgarri horretan; zerbait askoz sakonago bat jarri nahi digu erakutsian: Jesusen errukia. Hiru egun daramatza jendeak berarekin eta nekatuta dago. Hasteko eta behin, Jesusek haien gosea dakusa eta ez ditu horrela utzi nahi, nolabait-edo honako mezu hau eman nahi dielarik: Jainkoak ez gaitu esku hutsik bidali nahi.
Ikasleak arazoan trabatuta dauden bitartean ( “Nondik atera hemen ogirik?”), Jesus ez da kantitateen logikan sartzen. Logika horri heldu ez, eta beste logika bati helduko dio; “Zer duzue?”, “zenbat ogi duzue?”, galdetuko die beherehala. Ez zien galdetu zer falta zuten, zer beharko zuketen zuten beharra (gosea) asetu ahal izateko. Ez, zer zuten, zenbat ogi zuten galdegin zien. Izan ere, Jesusi harrera egiten diogunean, ez zaigu ezer faltako, eta gutxi dirudien horrek uste baino askoz gehiago eman ahal izango du, asebetetzeraino eman ere, arrai eta ogi gutxi horiek eman zuten adina.
Izan ere, Espiritutik segitzen den bizitzak ez du gure indarrean, gure ahalmenean bere oinarria. Gure eskasia eta gabezia onartzen ditugunean agertzen da. Jainkoak ez gaitu ahaltsu behar, apalak baizik (gure ogi xumeaz atondu dezake otordu bat).
Azken batean, miraria ez datza hainbeste ogiak ugaritu ahal izatean. Zinezko miraria Jesusen begirada eraldatzailean aurkituko dugu: dena, denok, txikiak izanik ere, handi bilakarazten dituen aldetik. Hori da hain justu ere fedea: zuk eman dezakezun gutxia ematea, eta gainontzekoa Jainkoaren esku uztea; dena gure esku balego bezala jardutea, azken-azken finean dena Jainkoaren esku dagoela ondo jakinda.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments