HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 2

Aldi hartan, Jesusek, Espiritu Santuaren pozez beterik, esan zuen:

«Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jende xumeari agertu baitizkiozu. Bai, Aita, hala izan duzu gogoko. Nire Aitak dena eman dit, eta ez du inork ezagutzen Semea nor den, Aitak baizik; ezta Aita nor den ere, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak baizik». Eta ikasleengana itzulirik, esan zien haiei bakarrik: «Zorionekoak, zuek ikusten duzuena ikusten duten begiak. Hara zer diotsuedan: profeta eta errege askok ikusi nahi izan zuen zuek ikusten duzuena, baina ez zuen ikusi, eta entzun zuek entzuten duzuena, baina ez zuen entzun».

Lukas 10, 21-24.

Pasarte honetan Jesus pozaren erdian ageri da, pozaren jatorria Aita delarik. Eta poz horren arrazoia ezin argiagoa da: Jainkoaren misterioaren agertzea da. Jainkoaren misterioa ez da edonola eta edonori agertzen zaion zer edo zer. Ez, xumeei agertzen zaie, bihotza hutsik eta prest dutenei, ez beren jakintzan eta beren buruan konfiantza gehiegi dutenei. Izan ere, agertu behar den misterio horrek berorrek ematen du berau ikusi ahal izateko aukera eta posibilitatea. Ez da geurez, geure ahalmen eta indar hutsez, egin ahal izango dugun  zerbait.

Aitak “dena” eman diola aitortzen du Jesusek. Eta hori aitortuta, zera baino ez digu gogorarazi nahi, bizitza ez dela geure ahaleginaren bidez irabazten, opari bat dela. Fededuna ez da den-dena ulertzeko tematu behar, izan ere, zinezko apaltasunez jasotzeko prest egon behar du betiere, haur batek bere zintzotasunetik antzo.

“Zorionekoak, zuek ikusten duzuena ikusten duten begiak”, esaten digu Jesusek zera-edo adierazi nahian, zoriontasun hori ez datzala inondik ere gauza handiak ikustean, ikusi nahi ditugun gauza horiek ikustean, baizik eta ikusmen xume eta garbia edukitzean, bizitzaren misterioa jasotzeko izan beharreko jarrera apala izatean. “Profetek eta erregeek” kategoriak aipatuta, teorian egiatik gertuen dauden horiek aipatzen ari da Jesus, teorian eta ustez betiere. Halarik ere, Jainkoaren logika giza mailakoaz oso bestelakoa da, guztiz bestelakoa. Bizitzatik bertatik (txikia den horretan, eguneroko oharkabekoan…) ari zaigu Jainkoa, ari zaigu Jesus, beste ezein bestelako eskakizunik gabe. Hein horretan, denok gara deituak, denok gara deituak baldin eta jarreraz Egia hartzeko prest baldin bagaude, Jainkoa txikian, oharkabean, egunerokoaren ertzean entzuteko prest baldin bagaude.

Erreguen bidez eta asmo ustez garbien bidez bainoago, bihotz apalak egiten du bat Jainkoarelin eta bere eskaintzarekin. Eta bihotz apal horrek, gaur egun ere, mundua begiratzeko beste modu bat zabal dezake, eta are gutxiago jakinda ere, edota horretan gure esperantza guztia jarri gabe, gehiago ikusi ahal izango duena eta, askotan beti hor egonda ere, oharkabean pasa zaigun hori azkenik ikusi-entzuteko ahalbidetuko diguna.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.