HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 1
Aldi hartan, Jesus Kafarnaum herrian sartu zelarik, erromatar ehuntari bat etorri zitzaion, arrenka esanez: «Jauna, elbarri eta oinazetan dago nire morroia etxean». Jesusek esan zion: «Joan eta sendatuko dut». Baina ehuntariak erantzun zion: «Jauna, ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko; baina esazu hitz bat eta sendatuko da nire morroia. Nik ere, neu besteren mendean egon arren, soldaduak ditut neure mendean, eta bati joateko agintzen badiot, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta etorri; eta nire morroiari zerbait egiteko esan, eta hala egiten du». Hori entzunik, harritu egin zen Jesus eta ondoren zetozkionei esan zien: «Egia esan, Israelen ez dut inorengan aurkitu horrenbesteko sinesmenik. Eta hau diotsuet: Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta zeruetako erreinuko mahaian eseriko dira, Abraham, Isaak eta Jakobekin».
Mateo 8, 5-11.

Bi munduren arteko gurutzatzea jartzen digu agerian gaurko testu honek. Bateko, juduen artean atzerritar den erromatar militarra dugu; besteko, Israeldarren artean jada irakasle eta maisu aitortzen zuten Jesus. Elkarren artean topatu ziren baina; boterearen eta apaltasunaren arteko elkar-gurutzatze bat dugu aurrez aurre.
Ehuntaria, disziplina militardun gizona, aginduak ematera ohitua, arauen oso jakitun, zer eta hori guztiori baino askoz handiago aitortzen duen Jesusen aurrean makurtzeko gai izaten da. Hartara, halako batean, inoizkorik apalen agertzen da Jesusen aurrean: “Ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko”. Hor dugu, egia esatera, azpimarratu beharreko benetako miraria: Jesus sendatzera hurreratu baino lehen, ehuntariak bere bihotzaren atea zabaldu dio guztiz.
Azken finean, hori dugu zinezko fedea. Fedea amore ematea da, fedea apal-apal geure burua Jesusen esku uztea da, eta konfiantza osoz esatea: “Jauna, nahikoa da zure hitz bat”. Gure egungo gizakiari gauza guztiak kontrolpean izatea gustatzen zaio. Eta fedeak ez du kontrolik eskatzen, konfidantza baitu ezinbesteko baldintza.
Eta noiz den dena delako hori benetako fedea berehala hauteman daiteke. Izan ere, benetako fedea norberaren bizitzan bertan islatua ikusi behar da (joan, etorri, egin), bizitzan bertan islatu behar da bihotzak zintzotasunez irrikatzen eta sinesten duen hori.
“Israelen ez dut aurkitu halako sinesmenik”, hitz hauek, errieta bainoago, gonbidapen dira. Ezagutzen ditugun kategoria erlijiosoak, geure segurtasun espiritualak, gure “hala behar du” guztiak, ez dira inondik ere Jainkoarenganako ate. Horiek guztiak, izatekotan, gerora etorritako ondorioak izango dira, eta geure bihotza “esku hutsik” zabaldu izangatiko fedetik eratorriak betiere.
Amaieran, Jesusek mundu osora zabaltzen du bere mahairako gonbita. Bere gonbita ezin zabalagoa da, guzti-guztiontzat da, are, itxuraz, urrutien dauden horientzat (sortaldetik eta sartaldetik etortzear diren horientzat) ere, eta zinezko konfiantza du eskakizun bakar-bakarra. Etxerako bidea sinple-sinplea da, baina ausardia eskatzen du.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments