HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 30

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Noeren garaian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan ere. Uholde aurreko egunetan jan-edanean zebilen jendea, eta ezkondu egiten ziren gizon-emakumeak, Noe ontzian sartu zen eguneraino; eta ez ziren konturatu, uholdea etorri eta guztiak eraman zituen arte. Horrela izango da Gizonaren Semearen etorrerakoan ere. Orduan, bi gizon izango dira soroan: bata hartu egingo dute eta bestea utzi; bi emakume ariko dira errotarrian: bata hartu egingo dute eta bestea utzi. Zaudete erne, ez baitakizue zein egunetan etorriko den zuen Jauna. Hartu hau gogoan: etxeko nagusiak baleki gaueko zein ordutan etorriko den lapurra, erne egongo litzateke eta ez luke bere etxea zulatzen utziko. Egon, bada, prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko zaizue-eta Gizonaren Semea».

Mateo 24, 37-44.

Tankera apokaliptiko eta eskatologikoko testua, Gizonaren Semearen etorrera testuingurua. Atzoko ebanjelioan ere bihotza zaindu, erne bizi eta une oro otoitz egiteko aldarria egiten zitzaigun. Egunero datorkeen Gizonaren Semeari harrera egiteko prest egoteko aldarria gaurkoan.

Gizonaren Semea? Nor ote? Belarrira sarri zaigu hori etorri, ez dugu baina erraz adi eta konpreni. Exegeten artean ere adostasun urri. Nonbait, gorago aurreratu bezala, Daniel-en tradizioan du jatorri (Dn 7,13; Ap 1,13; 14,14), nahiz eta atzera joz Ezekielen tradiziotik ere etorri (Ez 2,1).

Nahikoa garbi dagoena zera omen: lotzen da zerutik etortzekoa litzatekeen salbatzaile baten itxaropenarekin, jainkozkoa dena, gainditu egiten den sufrimenduaren perspektiban, lurretik bertatik jarduten duena, epaiketa giroan halere (Mt 25,31-46): gose zinen eta jaten eman al nizun?; egarri, eta edaten eman?; arrotz, eta etxean hartu zintudan?; biluzik, eta jantzi?; gaixo, eta bisitatu?; kartzelan, eta ikustera joan?. Badut bai nahikoa beharleku… 

Abendu-aldian gara dagoeneko, sufritzen dutenen aringarri, leungarri eta salbatzaile betea dena gurekin dugu liturgikoki, ospa dezagun orain etortzeko, jaiotzeko duguna (ad-venire, ad-ventum—tiempo de adviento; abendu-aldi), eme-ezaugarri ugari dituen Abba eten eta tai gabe guri agertuz, eguneroko uneorotan ere gurekin dugula.

Egin diezaiogun bihotz irekiz harrera, bat egin Harekin eta ospatu beti eraberria den Eguberria!

Oharra: nahi duenak badu honen azpian xehetasun gehiago Gizonaren Semea ‘titulu’az edota adieraz-berbez. (Erabilitako iturria: Diccionario del Nuevo Testamento; Xavier Léon-Dufour. Argitaletxea: Desclée de Brouwer 2002)

Daniel-en tradizioan, Gizonaren Semea aipatzean, seguruenik Ezekielen adieraz-berba horiek berriz harturik, ospatu egiten da herri judu idealaren etorkizuneko gorespena. Apokalipsi judu berantiarretan ere eragin nabarmena eduki ei du (IV Esdras edota Henok-en Parabolak).

Baina gure testuinguruan beste faktore batzuk ere sartzen dira, haietariko garrantzitsu bat zera: zerutik etortzekoa litzatekeen salbatzaile baten itxaropena.  Mateorenean gainera, Jesuren berpizkundearekiko fedeak eta salbatzaile zerutiarraren etorreraren itxaropenak eraginda, Gizonaren Semea hodei artean dator eta epaiketa egiteko jaitsi egiten da zerutik (Mt 24,30). Kasu honetan, Daviden semea den Mesiasek ez dituen ezaugarri batzuk hartzen ditu Gizonaren Semeak: mundu jainkotiarretik dator, transzendentziatik, haraindiko mundutik.

Baina Ezekielen tradiziotik esanahia ere harturik, Nazareteko Jesuk funtzio hori beteko luke lur honetatik, eta kokatu egiten da gainditu egiten den sufrimenduaren perspektiban.

Egia da izen-molde hori (Gizonaren Semea) Ebanjelioetan eta Apostoluen Eginak liburuan (Eg 7,56)  baino ez direla agertzen, eta horietan guztietan Jesuk berorretaz hirugarren pertsonan egiten duela hitz, bera ez den beste pertsona batez balihardu bezala. Zilegi zaigu orduan Jesuri ezartzea adieraz-berba horiek? Bestalde, egia ere bada Jesuk ez duela ardurarik eduki bere burua Mesias gisa lehen pertsonan ere izendatzeko, ez bada bere heriotza unean (irakur Mk 14,62 – baita Mt 26,64-).

Gelditzen zaigu argitzea Jesuk nola erabiliko zuen ‘titulu’ hori: bere garai hartan ‘titulu’ arrunt eta ohikoa ez bazen ere, bazen nola-halako pertsonaia apokaliptiko nahikoa misteriotsua, zeinaren bidez, argi-argiro agertu gabe ere, Jesuk, bere existentziaren izaera aintzatetsua iradoki lezakeen.

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.