HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 19

Aldi hartan, Jesusek parabola bat kontatu zion jendeari, Jerusalemdik hurbil baitzen eta jendeak Jainkoaren erreinua une batetik bestera azalduko zela uste baitzuen: «Handiki bat urrutiko lurralde batera joan zen, errege-izendapena hartzera, gero itzultzeko. Bere zerbitzarietako hamarri dei egin eta ontzako urre bana eman zien, esanez: “Saiatu etekina ateratzen, ni itzuli bitartean”. Baina herritarrek gorroto zuten eta mandatariak bidali zituzten ondotik, esatera: “Ez dugu hori errege nahi”. Errege-izendapena harturik itzuli zenean, deiarazi zituen dirua banatu zien morroiak, bakoitzak zer irabazi zuen jakiteko. Aurkeztu zen lehenengoa eta esan zuen: “Jauna, zure ontzakoak hamar halako eman du”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi ona! Gauza gutxian leial izan zarenez gero, hartzazu hamar hiriren agintea”. Joan zen gero bigarrena eta esan zuen: “Jauna, zure ontzakoak bost halako eman du”. Honi ere nagusiak esan zion: “Hartzazu bost hiriren agintea”. Joan zen beste bat eta esan zion: “Jauna, hemen duzu zeure ontzakoa; zapian bildua eduki dut. Beldur nizun, gizon gogorra zarelako, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen duzuna”. Nagusiak, orduan: “Heure esanetik kondenatzen haut, morroi gaizto hori! Bahekien gizon gogorra naizela, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen dudana. Nolatan ez duk, bada, nire dirua bankuan jarri? Horrela, itzultzean, bere interesekin jasoko nian”. Eta han zeudenei esan zien: “Ken iezaiozue ontzakoa, eta eman hamar dituenari”. Haiek erantzun zioten: “Jauna, lehen ere baditu hamar ontzako”. Eta nagusiak: “Hara nik esan: Duenari eman egingo zaio; ez duenari, berriz, daukan apurra ere kenduko. Eta errege nahi ez ninduten etsai horiek, ekarri hona eta hil itzazue nire aurrean”». Hitz hauek esan ondoren, Jesusek Jerusalemgo bidean gora jarraitu zuen denen aurretik.

Lukas 19, 11-28.

Zer ote da Jainkoaren erreinua? Ederra dela dirudi, baina aldi berean, oztopoz jositako bidea. Oztopoa ez da Jainkoak jartzen duen ezer, bai ordea guk erreinuaren aurrean jartzen dugun gure jarrera.

Lehenengo oztopoa herritarrek jartzen dutena da: “Ez dugu hori errege nahi”. Bihotza altxorrez betea dugu, guretzat errege diren altxorrez beteta; diru zaletasuna, fama, boterea, ditugun egoismo eta egozentrismoak… gauza asko bai, eta ez dago Jainkoarentzat lekurik.

Bigarren oztopoa: Jaunaren deituak  hartzen duten jokabidea… beldur nintzen eta nahiago izan dut zuk emaniko dohainak ezkutuan gordetzea. Ez ditut ez zure Erreinuaren alde jarri nahi izan edota ez naiz gai sentitu.

Jaunak deitzen gaitu, jabetzen gara horretaz? Dohainak ematen dizkigu, ezagutzen al ditugu zeintzuk ditugun?

Eta horrela jokatzen dugu ere erreinu horren partaide izan gaitezen, berak emaniko misioa aurrera eramanez… azken galdera, jabetzen al gara Jainkoak emaniko misioaz?

Deia, dohainak, misioa… eskatu diezaiogun Jainkoari gure iluntasunak argitasunez betetzea, jabetu gaitezen jasotako deiaz, dohainaz eta misioaz. Maitasunez jaso duguna, bueltatu dezagun maitasunez.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Oraintxe irakurri dut zure iruzkina, eta oso atsegina egin zait. Gaurko Ebanjelioa ez da batere erraza, baina zuk muinari ondo heldu diozula iruditu zait. Eskerrik asko

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.