HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 18
Aldi hartan, Jesus Jerikon sartu eta herrian barna zihoan. Bazen han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-buru zena, oso aberatsa. Jesus zein zen ikusi nahirik zebilen Zakeo, baina ezin zuen jendetzagatik, txikia baitzen. Lasterka aurrera joan eta pikondo batera igo zen Jesus ikusteko, handik igaro behar baitzuen. Jesusek, toki hartara iristean, gora begiratu eta esan zion: «Zakeo, jaitsi berehala, gaur zure etxean gelditu behar dut eta». Berehala jaitsi zen eta pozik hartu zuen etxean. Hori ikusirik, denak marmarka hasi ziren: «Bekatari baten etxera joan duk ostatuz». Zakeok, ordea, zutik jarrita, esan zion Jaunari: «Jauna, neure ondasunen erdiak behartsuei emango dizkiet eta, inori ezer ostu badiot, lau halako bihurtuko diot». Jesusek esan zion: «Gaur iritsi da salbamena etxe honetara, hau ere Abrahamen ondorengoa baita. Izan ere, Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da».
Lukas 19, 1-10.

Zenbaitetan, Jainkoarekin otoitzean bateratu nahiko genuke lehenengo saioan. Otoitz egin, eta bertan Jainkoa sentitu, Jainkoa gustatu… eta ikasi dugu hori ez dela horrela gertatzen. Jainkoa gure bidera ateratzen da, Zakeori ateratzen zitzaion bezala, baina Zakeok egin zuen bezala egitea tokatzen zaigu.
Bera bekataria zen, zergalari-buru zelako eta horretan ostu ere egiten zuelako; aberatsa ez, oso aberatsa zela esango digu gaurko pasarteak, eta tamainaz txikia…
Jainkoaren aurrean jartzeak gure txikitasuna onartzea eskatzen du; apaltasunez onartzea. Egia esan Jainkoaren aurrean ez gara ezer… eta aldi berean Jainkoaren seme-alabak gara…
Txikitasun horretatik ateratzen zaigu Jainkoarekin bat egiteko desioak, gure Aitarekin egoteko nahia; nahi honek gure barnetasuna begiratzera bultzatzen gaitu. Begiratu bai, Jainkoak digun maitasunarekin; hor aurkituko dugu Jainkoarengandik urruntzen gaituzten ekintzak, jokabideak…
Baina txikitasun horrek ez zuen Zakeo geldiarazi, pikondora igo zen, bere desioa handia zelako; guri dagokigu esfortzu hori egitea, pikondora igotzea Jainkoa ikusteko. Otoitzean fin arituz, Jainkoaren presentzia desiatuz, itxaropena galdu gabe, nahiz eta batzuetan presente ez dagoela dirudi.
Eta horretan gabiltzala somatuko dugu Jainkoaren begirada, eta berak gurekin egoteko duen nahia. Bekatari sentitzen bagara ere, Jainkoak maitasunez begiratzen gaitu; gurekin egon nahi duela azaltzen du.
Nahikoa da guzti hau Zakeon bizitza goitik-behera aldatzeko; orain sentitu gaitezen gu ere bide berdina egitera gonbidatuak, bera baita gure Argia, gure Bizia.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments