HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 17

Behin batean, Jesus Jerikora hurbildu zelarik, itsu bat zegoen eskean bide-ertzean eseria. Jendea igarotzen sumaturik, zer zen hura galdetu zuen. Jesus Nazaretarra igarotzen zela jakinarazi zioten. Orduan, deiadarka hasi zen: «Jesus, Daviden Seme, erruki zakizkit!». Aurrean zihoazenek gogor egiten zioten isilarazteko; baina hark oihu handiagoz: «Daviden Seme, erruki zakizkit!». Jesusek, gelditurik, beregana ekartzeko agindu zien. Hurreratu zenean, galdetu zion: «Zer nahi duzu Nik zuri egitea?». Itsuak erantzun: «Ikus dezadala, Jauna!». Jesusek esan zion: «Ikusi, bada; zeure sinesmenak sendatu zaitu». Berehala ikusmena berreskuratu zuen eta Jesusen ondoren zihoan, Jainkoa goretsiz. Eta herri osoak, gertatua ikusirik, Jainkoa goratu zuen.

Lukas 18, 35-43.

Bizitza gure aurretik doa, pasatu egiten zaigu, egunerokotasunean murgildurik gaudela, eta ez dugu ez begiratzen, ez ikusten. Agian galdetu beharko genioke geure buruari, geure bihotzari zer den benetan beharrezkoena.

Gaurko itsuak galdetu egiten du, eta laister jabetzen da bere bihotza sendatuko duena bere aurrean duela, oraindik ikusten ez badu ere; barrutik sortzen zaion deiadarra horren seinale, itxaropenaren deiadarra da berea.

Eta gu? Jabetzen al gara horretaz? Bai gure itsutasunaz, bai sendabideaz? Ateratzen al zaigu barrutik Jainkoari  itxaropenez luzatuko diogun deiadarra?

Agian guk ere somatzen ditugu, bai gure barnean, bai kanpoan, isiltzera gonbidatzen gaituzten ahotsak… edota deiadar handiagoa egitera bultzatzen gaituenak.

Eta honetan topo egiten du Jesusen begiradarekin, eta horra hor Jesusek luzatzen duen galdera: “Zer nahi duzu Nik zuri egitea?”

Pasarteak jarraitzen badu ere, nik hemen amaitzen dut; kontua ez da itsuak zer erantzuten duen, baizik eta galdera honi erantzuterakoan, Jainkoaren begiradapean, zer den barrutik ateratzen zaiguna?

Itsuarentzat ikustea bizi berri batera ekitera eraman zuen; eta zu, Jainkoaren begiradapean, prest al zaude bizitza berri batera ekiteko? Izan dezagun ausardia galderari erantzuteko.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Jesus, emadazu zure argia, zure jakinduria, familian eta elizan sortzen diren arazoei erantzun egokia emateko, zuk egingo zenukeena. Zutaz konfiantza dut, baina galduta nahi

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.