HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 13
Aldi hartan, Jainkoaren erreinua noiz iritsiko zen galdetu zioten fariseuek Jesusi. Honek erantzun zien: «Jainkoaren erreinua ez da nabarmen etorriko. Ezin esango da: “Hona hemen” edota “hara han”; zeren Jainkoaren erreinua zuen artean baitago jadanik». Gero, ikasleei esan zien: «Iritsiko da garaia, Gizonaren Semea etorri osteko egun bat bederen ikusi nahi izango duzuena, eta ezin izango duzue ikusi. Orduan, “hona hemen”, “hara han” esango dizuete. Baina zuek ez joan, ez atera atzetik lasterka. Izan ere, tximistak une batean zerualde batetik besteraino argi egiten duen bezala, hala izango da Gizonaren Semea etorriko den egunean. Baina aurretik asko sufritu behar du, eta gizaldi honek gaitzetsi egingo du».
Lukas 17, 20-25.

Segurtasunak behar ditugu lasai egoteko. Tentsioan bizitzea deserosoa da eta ez dugu inork nahi izaten. Dena planifikatuta, antolatuta eta gure kontrolpean. Horrelakoa nahiko genuke izatea Jainkoaren etorrera: data eta ordua jarrita. Baina Jesusek esaten digu dagoeneko gure artean dagoela.
Jainkoaren erreinua eraikitzeko eta bizitzeko ez dugu lasai eserita egon behar. Tentsioa ekarriko du hellmuga honek. Izan ere, Jesusi begira jarriko bagina ebanjelioetan, espero daitekeen errege baten patxada gutxi somatuko diogu.
Baina Jesusek bezala, gure garaietarako erronka eta gatazkei aurre egiteko, Espirituaren gidaritzaren argia eskatu behar dugu. Jesus etengabe otoitz egitera joaten zen bezala, guk ere, banaka eta taldeka, Espirituari entzuten ikasi behar dugu. Eta honek ez digu esango “hona hemen” edo “hara han”. Gure diszernimedu/bereizkuntza dinamiketan aurkituko dugu Jainkoaren erreinua eraikitzeko nondik norakoa. Bere sufrimenduarekin batzuetan. Baina Jainkoaren argitan eta Espirituak gidatuta egiten badugu, zentzua izango du eta indarra izango dugu aurrera egiteko.
Entzun diezaiogun bada, Espirituari, hark erakutsiko baitigu norabidea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments