HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 1

Aldi hartan, jendetza ikusirik, Jesus mendira igo zen. Eseri eta ikasleak inguratu zitzaizkion. Orduan, honela hasi zitzaien irakasten:

«Zorionekoak gogoz behartsu direnak, berena baitute Jainkoaren erreinua. Zorionekoak atsekabetuak, beraiek baititu Jainkoak kontsolatuko. Zorionekoak apalak, berek izango baitute agindutako lurra ondare. Zorionekoak zuzentasunaren gose eta egarri direnak, beraiek baititu Jainkoak aseko. Zorionekoak errukitsuak, beraiek baititu Jainkoak erruki izango. Zorionekoak bihotz-garbi direnak, berek ikusiko baitute Jainkoa. Zorionekoak bakegileak, Jainkoaren seme-alaba izango baitira. Zorionekoak zuzentasunagatik erasoa jasaten dutenak, berena baitute Jainkoaren erreinua. Zorionekoak zuek, nigatik madarikatuko zaituztetenean, erasoka eta gezurrez gaizki esaka erabiliko zaituztetenean. Poztu zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruetan».

Mateo 5, 1-12a.

Barne deia eta gogoa suerta daitezke zoriontsu izatearen irrika. Errazak ala zailak ote dira oinarrizko gogo eta gurari horiek lortzeko saioak? Aristotelesek etikarekin lotzen zuen zoriona, on-bide zuzenetan jardutearekin. Erabat eginda edo amaituta ez dagoen zerbait denez, aurkitzen joan behar da. Eraikitzen.

Ebanjelioaren azalpenak antzekoa dirudi, lehen itxuran behintzat. Hala eta guztiz, Zoriona definitu gabe uzten du. Zergatik? Zorion-bidea ez delako ekintza bakar batzuetara mugatua. Horregatik oinarrizko egitaraua damaigu. Hori bai, ekintza-bide zehatzak azalduz. Ez behin betikoak, baizik lehentasun nagusiak. Nondik-norako nahiko argiak proposatu arren, norberaren esku geratzen dira datozkigun bizi-baldintza, muga eta gertaerei egokitzapenak egitea.

Jesusek hots egindako Zorion-deiak bizitzaren korronte beti berriak eskatzen dituen aldaketak eta moldaerak egiteko lekua uzten du. Baina moldaeretan geratu gabe, ekinaldi jarraituetan ere iraunez. Bizitza amaitzen ez den eraikuntza baita.

Bestalde, ahaleginaz gain, Zorionak badu beste alde bat: opari bezala ere heldu eta txertatu zaigula.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.