Gaur, Ama, Palestinari buruz hitz egitera gatoz zugana,
baita beste hainbat lekuri buruz ere,
injustiziak, indarkeriak,
intolerantziak eta indiferentziak
hainbat eta hainbat lekutan
jendearen askatasuna, duintasuna eta bizia suntsitzen baitute.
Baina zer esango dizugu, Ama,
biktima bakoitzean zeuk sufritzen baituzu,
hilzori bakoitzean zeu itotzen baitzara,
izu eta amorru oihu bakoitzean laguntza zeuk eskatzen baituzu!
Gaur ebanjelioak etsi gabe
otoitz egitera gonbidatzen gaitu,
justizia gauzatuko duzulakoan konfiantzaz bizitzera…
Baina zaila da, badakizu?:
lehergailuak eta balak oraindik ere
errukirik gabe erortzen dira
eta hala, gutxien ahal dutenen,
defenditzeko gauza ere ez direnen
ametsak eta etorkizuna suntsitzen dira.
Noiz arte onartu behar duzu hau guztia?
Barkatu, Ama, jakina.
Zuk ezin duzu ezer egin…
geuk egiten ez badugu, behintzat;
zuk laguntza eskatzen duzu
bazter utzitako bakoitza baztertzen dugunean,
zuk “justizia” oihukatzen duzu
hildako neskato, mutiko, emakume edo gizon bakoitzarengandik,
zuk betetasuna agintzen duzu
lehergailuek eta metrailak suntsitutako
etorkizun zatitxo bakoitzean.
Baina hori guztia
geuk gauzatu behar dugu.
Eskerrak ematen dizkizugu, Ama,
bakea etor daitekeelako seinale bakoitzagatik,
azkenean bai baitirudi
esnatu egin garela
eta izugarrikeriari aurre egiteko altxatu garela,
eta horren eraginez,
boterea gidatzen dutenak ere
justiziarantz mugitu direla,
milimetro batzuk baino ez bada ere,
edo gutxienez,
suntsiketaren erritmoa ahuldu dutela..
Eskerrak ematen dizkizugu, halaber,
Konfiantzaz lan egitera,
hau da, justizia, bakea eta elkartasuna
ereiten jarraitzera animatzen gaituzulako
batzuetan alfer-alferrik dela badirudi ere.
Lan horretan konpromisoa hartu nahi dugu zurekin, Ama.
Zure senidetasun proposamena onartu nahi dugu,
horrela gure Ama izan ahalko zara eta;
zure agindua betetzen lagundu nahi dizugu,
gau eta egun oihuka daudenentzako
justizia eskatuz.
Fede hori eskatzen dizugu,
zuganako konfiantza hori,
gure komunitateak
Jesusek zure erregetza deitu zion guztiaren
hazia izan daitezela;
hondamenditik ateratzen den zure oihua entzun dezagula!
Gera zaitez gurekin, Ama,
eta zuzendu gure urratsak
zure bake biderantz.
0 Comments