HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 27
Aldi hartan, larunbatez sinagoga batean irakasten ari zen Jesus. Bazen han emakume bat, hemezortzi urte haietan espiritu baten menpe gaixo zegoena; erabat konkortua zegoen eta ezin zen inola ere zuzendu. Ikustean, Jesusek deitu eta esan zion: «Emakume, libre zara zeure gaitzetik». Eskuak ezarri zizkion, eta bat-batean zuzendu zen eta Jainkoa goresten hasi. Sinagogako buruzagiak, Jesusek larunbatean sendatu zuelako haserre, esan zion jendeari: «Astean sei egun daude lanerako; etorri egun horietan sendatzera, eta ez larunbatean». Jaunak erantzun zion: «Itxurazaleok! Zuetako nork ez du larunbatez idia nahiz astoa ukuilutik askatzen eta ura edatera eramaten? Eta Abrahamen ondorengo den honi, hemezortzi urtez Satanasek lotua eduki duen honi, ez ote zitzaion larunbatez lokarri hori askatu behar?». Hitz hauekin, lotsa-lotsa eginik geratu ziren Jesusen etsai guztiak; jendetza, ordea, pozik zegoenhark egiten zituen gauza miragarri guztiengatik.
Lukas 13, 10-17.

Aldi luzean -18 urte!- makurtuta eta ezin zutiturik zegoen andrea sendatzen du Jesusek. Pasartea ez da soilik andre harenaz. Geu ere bagabiltza noiz edo noiz egoera zailetan. Beraz, andreak gizaki ororen gorabeherak iradokitzen ditu. Zerk aska gaitzake zamatzen gaituzten ezbehar, erru eta iraganeko huts egiteetatik?
Kontakizunean bada beste pertsonaia hurbiletik antzematekoa: sinagogako buruzagia. Honek eman diezaguke zer ikasi, lehenesten dituen jokaeren gakoetan arreta jarriz gero. Bera ez da konturatzen dituen hutsune eta gabeziaz. Denetan ongi moldatzen duela sentitzen du, jarrera hestuetan errotuta dabilenik sentitu gabe. Besteen gabeziaz ohartu bai, berenaz ez.
Emakumea erabat sendatuta geratzean, sinagogako liderrak estutasunera jotzen du: gaur ezin zaio sendaketa ariketarik egin, larunbata delako! Baina Jesusi horrelakoak aurpegiratzea ausartzen ez denez, bere jarraitzaileei esaten die sendaketa ez dela bidezkoa. Araudiekiko zintzotasuna argudiatzen du, hortik omen baitator onbidez jardutea. Fisikoki bizkor egonda ere bereganatuta zuen jarrera tinkoaz hobetzeko beharrean zegoen, nahiz eta konturatu ez.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments