HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 26
Aldi hartan, parabola hau esan zien Jesusek beren burua zintzotzat hartzen eta besteak gutxiesten zituzten batzuei: «Bi gizon igo ziren tenplura otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria. Fariseuak, zutik, honela egiten zuen otoitz bere barruan: “Eskerrak ematen dizkizut, ene Jainko, besteak bezalakoa ez naizelako: lapur, gaizkile, adulteriogile; ezta horrako zergalari hori bezalakoa ere. Astean bitan egiten dut barau, eta ditudan guztien hamarrenak ematen ditut”. Zergalaria, berriz, urruti gelditurik, ez zen begiak zerura jasotzera ere ausartzen, baizik eta bular joka ari zen, esanez: “Ene Jainko, erruki zakizkio bekatari honi!”. Hara zer diotsuedan: azkeneko hau Jainkoarekin adiskideturik itzuli zen etxera; bestea, berriz, ez. Izan ere, bere burua goratzen duena beheratu egingo du Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena goratu».
Lukas 18, 9-14.

Otoitz egiteko modu asko daude eta gaurko testuan haietako bi agertzen dira: eskerrak ematea eta eskatzea. Egin dezagun gogoeta txiki bat haiei buruz.
Sarritan eskerrak ematean, gure bizimodu ona izaten dugu kontuan: erosotasuna, osasuna, lortu dugun zuzentasuna… Baina horiek ez dira eskerrak emateko arrazoiak, besteak beste ez baitago argi zergatik Jainkoak emango zizkigun guri eta ez beste batzuei. Jainkoa, berriz, gure bizitzetan agertzen da noizean behin; eta hori bada eskerrak emateko modukoa. Jainkoa gure historian noiz agertu den aurkitu eta horregatik eskerrak emanez, harekin dugun harremana sendotuko duelako. Jainkoak ez du gure otoitza behar, geuk behar dugu otoitza.
Eta eskatzean, berriz, ez ditugu erosotasuna, osasuna, arrakasta etab. eskatu behar: gure bizitza haren aurrean jarri, ditugun zailtasunak eta kaskarkeriak ere erakutsiz, eta argia eta indarra eskatu, Jainkoak une horretan zer eskatzen digun jakiteko argia eta nahi hori betetzeko indarra. Lukasek beste testu batean esango digunez, Jainkoak ez digu bere Espiritua ukatuko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments