HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 25
Une hartan, etorri zitzaizkion batzuk Jesusi, galilear batzuei gertatuaren berri ematera: nola Pilatok hil zituen, eskaintzen ari ziren oparien odolarekin haiena nahastuz. Jesusek erantzun zien: «Uste al duzue galilear haiek gainerako galilearrak baino bekatariago zirela, horrelako heriotza izan zutelako? Ezetz diotsuet, eta, bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok era berean galduko zarete. Eta Siloeko dorrea gainera erorita hil ziren hemezortzi haiek, uste al duzue gainerako jerusalemdarrak baino errudunagoak zirela? Ezetz diotsuet, eta, bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok era berean galduko zarete». Eta parabola hau esan zien: «Gizon batek pikondo bat zeukan, bere mahastian landatua. Joan zen piku bila eta ez zuen aurkitu. Orduan, esan zion mahastizainari: “Bada hiru urte pikondo honetara piku bila natorrela, eta ez dut aurkitzen. Moztu ezazu. Zertako eduki hor, lurra alferrik jaten?”. Mahastizainak, ordea, erantzun zion: “Jauna, utzazu aurtengoz; bitartean, ingurua aitzurtu eta ongarria botako diot, ea aurrerantzean fruiturik ematen duen; eta bestela, moztu”».
Lukas 13, 1-9.

Jesusen garaikideen ustez gizakiek sarritan izaten dugun zoritxarra (pobrezia, gaixotasuna, heriotza…) Jainkoaren zigorra zen; eta guk ere maiz irudikatu dugu Jainkoa: triangelu bat eta erdian begi bat, begira-begira, bekatu egiten dugunean zigortzeko. Baina Jesusek ezetz esaten digu, Jainkoak ez duela horrela jokatzen, gure alde dagoela beti eta horrek bihotz-berritzera eraman behar gaituela.
Eta nola jokatzen du, bada, Jainkoak? Gaurko testuan Jesusek dioskunaren arabera, Jainkoak beste aukera bat ematen digu beti. Berak nahi dituen fruituak ematen ez ditugunean, beste aukera bat ematen digu, baita fruitu horiek ematen hasteko laguntza ere. Bistan da ezagutzen gaituela eta, maite gaituenez, gure alde dagoela.
Eskerrak, Jauna, bizitzan zehar eman dizkidazun aukerengatik, behin eta berriro huts egin arren, gaitzetsi beharrean, aurrera egiteko laguntza eman didazulako –badakigu biok horren berri–. Segi laguntzen, segi jartzen nire bidean zure proiektuan parte hartzera bultzatzen nauen jendea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments