HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 24
Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Sartaldean lainoa ikusi orduko, “euria dator” esaten duzue, eta hala gertatzen da. Hegoak jotzen duenean, berriz, “sargori dago” esaten duzue, eta hala gertatzen da. Itxurazaleok! Badakizue zeru-lurren itxurari antzematen, eta nolaz ez diozue antzematen garai honi? Zergatik ez duzue zeuen kabuz bereizten zuzena zer den? Zeure etsaiarekin auzitegira zoazela, saia zaitez bidean harekin konponbidea aurkitzen; bestela, epaileagana eramango zaitu eta epaileak ertzainaren esku jarriko, eta ertzainak kartzelara botako. Hara Nik esan: ez zara handik aterako, azken xentimoa ordaindu arte».
Lukas 12, 54-59.

Zer egin behar den eta zer ez erabakitzea beste batzuen eskuetan uzteko joera dugu, jakitunek eta agintea dutenek segurtasuna ematen baitigute eta erantzukizuna kendu. Baina Jesusek dioskunez, horrek ez du balio. Norberak erabaki behar du zer den zuzena eta horren arabera jokatu. Ez zaigu eskatzen arrakasta, saiatzea baizik. Jesusek berak ere ez zuen arrakastarik izan, baina leial iraun zuen Jainkoaren nahia bete nahian.
Eta nola asmatu? Gainerakoekin dugun harremanean Jesusek bezala jokatuta. Egia da, horrek ez digula erabakitzeko lan hori kentzen, Jesusek gure egoeran –inoiz egon ez den gure egoeran– zer egingo lukeen erabaki behar baitugu. Baina auzia ez digu inork konponduko, konponbidea geuk aurkitu behar dugu.
Mila esker, Jauna, askatasunagatik, gure gauzetan geuk erabakitzen dugulako, ezer inposatzen ez diguzulako. Emaguzu argia, zuzena zer den geure kabuz erabakitzeko; eta emaguzu adorea ere, zure proiektuaren arabera jokatzeko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments