HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 22

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Hartu gogoan hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko den jakingo balu, ez luke etxea zulatzen utziko. Egon prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea». Pedrok galdetu zion:

«Jauna, guretzat ala denentzat esan duzu parabola hau?». Jaunak erantzun: «Izan zaitezte etxezain leiala eta zentzuduna bezalakoak, nagusiak, bere orduan behar den janaria banatzeko, morroien buru ipini duena bezalakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu! Benetan diotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko du. Baina morroia, nagusiak luzatuko duelakoan, morroi-lagunak eta neskameak jotzen eta jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia, gogor zigortuko du eta desleialek merezi dutena emango dio. Nagusiaren nahia zein den jakin arren, gauzak hark nahi bezala eratzen edo egiten ez dituen morroiak zigor gogorra izango du; nagusiaren nahia zein den jakin gabe, zigorra merezi duen zerbait egiten duenak, berriz, biguna. Asko eman zitzaionari, asko eskatuko zaio; eta askoren kargua eman zitzaionari, are kontu handiagoa eskatuko».

Lukas 12, 39-48.

Jainkoak proposamen bat egin digu gizakiei: bera gure Aita-Ama izango zela eta gu guztiak neba-arrebak izan gaitezkeela. Eta hitz eman digu hori beteko duela eta horrek zoriona ekarriko digula. Proiektu hori, dena den, gure eskuetan utzi du guztiz: ez du ezer ere egin nahi, guk parte hartzen ez badugu. Eta, bistan denez, guk sarritan ez dugu proposamena onartzen eta ez dugu jokatzen neba-arrebak bagina bezala.

Baina Jainkoak, Jesusek behintzat halaxe dio, bere promesa beteko du eta kontuak eskatuko dizkigu: Zer egin duzu? Gainerakoen alde –batez ere gutxiago direnen alde– lan egin ala zeure ongizatearen alde jokatu? Nire nahia betetzen saiatu zara ala nire proiektuaren kontra egin duzu? Zeinek bere bidea erabaki behar dugu. Jainkoaren nahia zein den jakiten eta betetzen saiatu, alegia. Eta hanka sartzen badugu? Lasai, arrakasta ez da beharrezkoa.

Eskerrak, Jauna, gugan jarri duzu konfiantzagatik. Lagundu gure historian eta gure historietan zure nahia aurkitzen eta betetzen.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.