HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 21
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Zaudete prest, jantziak loturik eta kriseiluak pizturik; izan zaitezte nagusia ezteietatik noiz itzuliko zain dauden morroiak bezalakoak, iritsi eta atea jo bezain laster irekitzeko prest dauden morroiak bezalakoak. Zorionekoak morroi horiek, nagusiak, iristean, zain aurkitzen baditu! Egia diotsuet: arropak aldaturik, mahaian eseraraziko ditu eta zerbitzatzen hasiko zaie. Eta gauerdian nahiz goizaldean badator eta horrela aurkitzen baditu, zorionekoak haiek!».
Lukas 12, 35-38.

Ebanjelioetako honelako testuak heriotzarekin lotu izan ditugu sarritan; “Egon zaitez prest, gutxien espero duzunean hil baitzaitezke eta orduan…”. Baina Jesusek gehien-gehienetan hemengo eta oraingo bizitzari buruz hitz egiten digu. Eta gaurko testuak beste gai baterako argia ematen du: noiz eta nola topo egin Jainkoarekin?
Neurri batean, ez dago gure esku. Jainkoarekin topatzeko ekimena berarena da beti. Eta gutako bakoitzarekin era desberdinean egiten du, gutako bakoitzak behar duen moduan, alegia. Eta hori bai, topaketa gertatzen denean, bizitza aldatzen dizu.
Baina beste neurri batean gure esku dago. Jainkoa, gure otoitzean zein inguruan ditugun baztertuenen bidez, hitz egiten digunean, adi egon behar dugu, zurrumurrua entzun ahal izateko, eta prest, atea irekitzeko. Orduan, Jesusen arabera, mahaian eserarazi eta zerbitzatuko gaitu.
Sinets dezagula hau guztia, Jauna! Adi eta prest egon gaitezela, zurekin topo egin eta zure proposamen harrigarria onartzeko!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments