HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 20
Aldi hartan, jende arteko batek esan zion Jesusi: «Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nirekin erdibanatzeko».Jesusek erantzun zion:
«Lagun, nork jarri nau Ni zuen artean epaile edo ondasun-banatzaile?». Eta jendeari esan zion: «Kontuz! Gorde diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere». Gero, parabola hau kontatu zien: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion. Eta honela hasi zen berekiko pentsatzen: “Zer egin, ez baitut uzta non jasorik”. Eta beretzat esan zuen: “Badakit zer egin: mandio zaharrak bota eta handiagoak egingo ditut eta haietan jasoko ditut garia eta gainerakoak. Gero, esango diot neure buruari: “Ea, motel! Baduk hor gordeta urtetarako ondasunik aski; hartu atseden, jan, edan eta bizi ongi!”. Baina Jainkoak esan zion: “Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duk. Norentzat izango duk pilatu duana?”». Eta amaitu zuen Jesusek: «Horra zer gertatzen zaion,Jainkoarentzat aberats izan beharrean, ondasunak beretzat pilatzen dituenari».
Lukas 12, 13-21.

Jainkoak gure alde jokatzea nahi izaten dugu sarritan, baita berarekin zerikusirik ez duten gauzetan ere. Jainkoaren gauzak eta gure interesak nahasten ditugu: justizia eta komeni zaiguna, Erreinua eta gure ideologia… Eta Jesusek gauza bera esaten digu beti: “Ni ez naiz zuen epailea”, “kontuz konfiantza zertan jartzen duzuen”.
Izan ere, Jainkoak eskaintza eta promesa egin dizkigu: gu neba-arrebak bagara, gure alde dagoen Aita izango dela eskaini eta horrek zoriona eta bizi betea ekarriko dituela hitz eman. Eta bere proiektu hori gure eskuetan utzi du guztiz, konfiantza osoa gugan jarrita. Eta guk? Non jartzen dugu konfiantza? Jainkoagan ala gure kontu korrontean? Bietan batera ezin baita.
Eskerrak, Jauna, gure historian eta gure historietan gauzatzen ari diren eskaintza eta promesagatik. Konfiantza zugan jarri nahi dugu, gure interesetan baino areago. Lagundu horretan, ez baita bat ere erraza. Izan zaitez gure ondoan eta lagundu gure senipartea neba-arrebekin partekatzen.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments