HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 18
Aldi hartan, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta leku guztietara. Eta esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari bidal ditzala langileak bere uztara. Zoazte! Arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei!”. Eta han bakezalerik bada, haren gainean kokatuko da zuen bakea; bestela, berriz, zuen bakerik gabe geldituko dira. Geldi zaitezte etxe berean; eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxezetxe. Herriren batean sartu eta ondo hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Hurbil duzue Jainkoaren erreinua”».
Lukas 10, 1-9.

Ohiko dugu gaur Eliza atzeraka doala entzutea. Bokazioen beherakada handia dago, bai apaizei dagokienez, bai bizitza kontsakratuari dagokionez. Sekularizazioa nagusitu egin da, eta sektore batzuen gaitzespena nabarmena da, baita beligerantea ere. Elizan bertan, erabateko ezerezerantz kondenatuta ikusten direnak ere ez dira falta.
Gaurko Berrion pasartean, Jesusek Bere aurretik bere etorrera iragartzeko hirurogeita hamabi ikasle bidaltzen ditu, otsoen artean arkumeak bezala bidaltzen dituela ohartaraziz. Ez dezatela poltsarik eraman behar duten janaria izango dutelako, ez daitezela bidean entretenitu eta bakea izango dela. Jainkoaren erregealdia hartzen dituztenen etxe eta herrira iritsi den seinale dira Jesusek ematen dizkien oharrak.
Testu honek oihartzun handia du gure artean. Ez dira apaizak eta erlijiosoak bakarrik Jainkoaren erregetza iragartzera bidaliak, laikoak ere misiolariak baikara gure familia, lagunarte eta lantokietan. Gainera kontuan hartu behar dugu munduak ez gaituela beti beso zabalik jasoko, batzuetan arrotzak bezala edo bortizkeriaz baizik. Eta beti, etxe, lantoki ala edozein lagun hurkoren bihotzean bakea izango da Jainkoa iritsi denaren seinale.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments