HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 13
Aldi hartan, jende asko biltzen ari zelarik, Jesus honela hasi zitzaien: «Gizaldi hau gaiztoa da. Ezaugarri eske ari da, baina ez zaio ezaugarririk emango Jonas profetarena besterik. Izan ere, ninivetarrentzat Jonas ezaugarri izan zen bezala, hala izango da Gizonaren Semea gizaldi honentzat. Auzi-egunean hegoaldeko erreginak gizaldi honetako jendearen aurka jaiki eta kondenatu egingo du, lurraren azken mugetatik etorri baitzen hura Salomonen jakinduriazko hitzak entzutera, eta hona hemen Salomon baino gehiago dena. Auzi-egunean ninivetarrek ere gizaldi honen aurka jaiki eta kondenatu egingo dute, haiek bihotz-berritu egin baitziren Jonasen predikuaz, eta hona hemen Jonas baino gehiago dena».
Lukas 11, 29-32.

Batzuetan, fededunok Jainkoak existentzia konpon diezagula bilatzen dugunean eta are eskatzen dugunean ere, gure fedearen ahuleziak erakusten ditugu. Eman ezin diezagukeen zerbait espero dugu, funtsean, ez dugulako Jainko Aita-Amatzat onartzen, sinestea kostatzen zaigu, bere Hitzari belarriz gogorrak gara.
Gaur, sinesteko seinale miragarriak eskatzen dizkion jendetzarekin haserretzen den Jesus ikus dezakegu. Belaunaldi gaiztoa da, oinarrian, ez duelako Harengan sinesten eta manipulatu besterik ez duelako nahi. Jainkoak, ordea, gizon eta emakume bakoitzaren bihotzera bidaltzen ditu bere seinaleak, ninivetarren modura, Jonasen ahotik bere hitza entzun eta jaso dutelako bihurtu zirenean.
Azken finean, fededun bakoitzak, sarerik eta segurtasunik gabeko altuera batetik jauzi egingo balu bezala, erabaki behar du jauzi egingo duen ala ez, Hitzaz fidatzen den ala ez, bere bihotza irekitzen duen Jainkoa sar dadin edo nahiago duen atean eduki nor den egiaztatzeko bere paperak erakuts ditzan eskatzeko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments