Magdalako Mariak, Pedrok eta Dizipulu Maitatuak tradizio bana sinbolizatzen dute eta, ezberdinak izan arren, hirurak beharrezkoak dira Elizaren helburua gauzatzeko; hiru tradizioen arteko harremana elkarrekiko mendekotasunarena dela seinalatzen du azken sinodoaren testuak eta horixe bera da sinodalitatearen bihotza. Bestetik, azken sinodoak teologikoki arrazoitzen du sinodalitatea ez dela, besterik gabe, Elizaren ezaugarrietako bat, baizik eta Elizaren ‘nahitaezko dimentsioa’ (28. zk); hortaz, erroan edo muinean dago: Eliza, izaeraz, sinodala da.
Hori horrela, testuak ondorio ausarta dakar, beharbada idazki guztiaren garapena giltzatzen duena: Eliza sinodala denez, eta sinodalitatearen bihotza azaldutakoa denez, Eliza konbertsio sakonera deitua da.
Horrenbestez, gaur egun, zerbait esanguratsua aldatu behar du Elizak bere baitan. Baina zer?
Sinodoaren arabera, Elizak hiru eremu (aldi berean, edukiak direnak) konbertitu (sakonki aldatu) behar ditu: fededunen arteko harremanak (II. partea), erabakiak hartzeko bideak eta prozesuak (III. partea) eta, azkenik, Elizaren egiturak (IV. partea). Eremu horietako bakoitzari eskainitako kapituluan, testuak zenbait diagnostiko eta proposamen seinalatzen ditu. Kapitulu horietako bakoitzak irakurketa arretatsua eskatzen du.
Testuaren 5. zenbakian (I. partea) agertzen den bezala, sinodalitateari buruzko sinodoa egitea eta bertan egindako planteamendua “Vatikano II. kontzilioaren geroko eta benetako harrera-ekintza da, haren inspirazioa luzatuz eta haren indar profetikoa gaurko mundurako berrabiaraziz”.
Aita Santu berriak eutsiko ahal dio zabaldutako bideari! Ez da erraza izango.
0 Comments