Gure baserrietan artoa garrantzitsua izan da pertsona zein animalientzat. Artoaren etorrerak aldaketa handiak ekarri zituen gure baserrietako nekazaritzan. Behin iraileraz gero, apirilean ereindako artoa heldu egiten da eta bere uzta-beharrak hasi. Artoa noiz helduko zegoen egun batean, baserritar bat hurreratu zen bere artotza ikustera. Artotza ederra zeukan eta pozarren zegoen begira eta begira. Artotzan, artoa ezeze, kalabaza eta indabak ere ereiten zituen lur landua bide batez aprobetxatzeko. Baserritarra uzta ona ikusirik, muna bazterrean zegoan haritz handi baten azpian ezarri zen pozez beterik artaburuz betetako artotza ederrari adi. Horretan zegoela, kalabaza handi bat ikusi zuen aihen eta guzti artotzaren ertzeko muna gainera irtenda. Esku biak burura eramanik esan zion bere buruari: “Mundua txarto eginda zagok. Kalabaza-hazi txiki batetik kalabazatzar hau sortu duk eta haritz handi honen ezkurrak txikiak dituk”. Zergatik desoreka hau? Buruhauste horrekin zebilela, txast! ezkur bat jausi zitzaion buruaren erdira eta txirran joan zen muna behera kalabazaren ondoraino. Hori ikusirik bere buruari esan zion: “Oño, oker ibili nauk neure hausnarketa honekin, mundua ez zagok gaizki eginda, izan ere, ezkurra egon den lekuan kalabazatzar hori egon bazuan, nireak egin zian”. Beraz, pentsatzea da bat eta izatea beste bat. Naturak bere legeak dauzka. Zeozergatik izango da! Zaindu dezagun ba gure natura ederra etorkizunean. Halabiz!
0 Comments