HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 28
Aldi hartan, Jesus honela mintzatu zitzaien fariseuei: «Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta liho finez jantzi eta egunero festa ederrak egiten zituena. Lazaro izeneko eskale bat, berriz, aberatsaren etxe-atarian etzanda egoten zen, zauriz josia; gogotsu jango zukeen aberatsaren mahaitik erortzen zena. Txakurrek berek ere etorri eta zauriak milikatzen zizkioten. Honetan, hil zen eskalea, eta aingeruek Abrahamen altzora eraman zuten. Hil zen aberatsa ere, eta ehortzi zuten. Hilen Egoitzan oinazetan zegoelarik, begiak jaso eta Abraham ikusi zuen urrutian eta Lazaro haren altzoan, eta deiadarka esan zuen: “Aita Abraham, erruki zakizkit! Bidal ezazu Lazaro atzamar muturra urean busti eta niri mihia freskatzera, oinaze gorrian bainago sugar hauetan”. Baina Abrahamek erantzun zion: “Seme, oroit zaitez zuk zorion franko izan zenuela bizitzan, Lazarok, berriz, zorigaitzak; horregatik, orain hark atsegina aurkitu du, eta zuk oinazeak. Gainera, gure eta zuen artean leize handia dago, eta nahita ere ezin da inor hemendik zuengana igaro, ezta hortik gugana ere”. Aberatsak berriro: “Orduan, aita Abraham, bidal ezazu, arren, Lazaro gure aitaren etxera, bost anaia baditut eta; jar ditzala jakinaren gainean, eurak ere oinaze-leku honetara etor ez daitezen”. Abrahamek erantzun zion: “Hor dituzte Moises eta profetak; entzun diezaietela”. Hark berriro: “Ez, aita Abraham; hildakoren bat joango balitzaie, bihotz-berrituko lirateke”. Baina Abrahamek erantzun zion: “Moisesi eta profetei entzuten ez badiete, ez dute sinetsiko ezta hildako bat piztuta ere”».
Lukas 16, 19-31.

Umore puntu bat du gaurko Ebanjelioko pasarte honek: hildako bat piztu eta Jainkoaren Erreinuan zer izango denari buruz jakinaren gainean jartzeko aukeraz hitz egiten da, eta dagoeneko, hitz hauek idatzi zituenak eta entzuten ditugunok aitortzen dugu hildako bat piztu dela: Jesus. Berak hasiera hasieratik iragarri digu gertu den Jainkoaren Erreinua, eta bere etorrerak eskatzen digun bihotz berritzera deitu.
Aitzakiak alde batera utzita, gure bihotza ixten eta gogortzen duen axolagabekeriaren aurrean jartzen gaitu Ebanjelioak. Piztu denari sinestearena edo ez sinestearena, ate ondoan zegoen Lazarori ez ikusiarena egiteagatik etorri da, hondamendia bakarrik ekar dezakeen bizitza estilo kapritxozkoa mantentzeak eskatzen duen axolagabekeriatik, alegia.
Jesus Jaunak eta behartsuek eskatzen diguten bihotz berritzeak bide beretik doaz: Jainkoa maitatzea eta lagun hurkoa maitatzea, bi izanik, agindu bakarra diren bezala.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments