HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 13
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez da zuhaitz onik fruitu txarra ematen duenik, ezta zuhaitz txarrik ere fruitu ona ematen duenik. Bere fruituetatik antzematen zaio zuhaitzari; elorritik ez da pikurik biltzen, ezta sasitik mahatsik hartzen ere. Ona denak ona ateratzen du bere barneko ondasun-altxorretik, eta gaiztoak gaitza bere gaiztakeri altxorretik; ahoak esan, bihotzari gainezka dariona esaten baitu. Zergatik esaten didazue “Jauna, Jauna!” eta ez duzue egiten esaten dizuedana? Erakutsiko dizuet noren antzeko den nigana etorri eta nire hitzak entzun eta betetzen dituena: etxea eraikitzean, zulatu, sakondu eta zimenduak harkaitzean hartu zituen gizonaren antzekoa da.Uholdea gertatzean, jo zuen ur-boladak etxea, baina ezin izan zuen dardararazi, sendo eraikia baitzegoen. Entzun bai, baina betetzen ez dituena, berriz, etxea lur gainean, zimendurik gabe, eraiki zuen gizonaren antzekoa da. Jozuen ur-boladak eta berehala erori zen eta erabat porrokatua gelditu».
Lukas 6, 43-49.

Jakinduriaz beteriko Jesusen hitz hauek askotan modu okerrean erabiltzen dira Elizaren barnean sentsibilitate berekoak ez diren taldeak erasotzeko. Horren adibide argiena bokazioen kasuan erabiltzen da: “Nire taldeak bokazio eta mugimendu asko ditu, gu zuhaitz ona gara, beste horiek, berriz, aspalditik ez dute kide berririk jaso, argi dago Jainkoak ez duela horrelakorik nahi Elizan”. Dinamika horiek, interpretazio oso interesatuak izateaz gain, kalte besterik ez diote egiten gure ama Elizari. Jesusek berak dio batzuek “Jauna, Jauna” esaten diotela, baina gero ez dute Jesusek esaten duena egiten, eta denok dakigu bere agindurik garrantzitsuena maitasun-agindua dela. Eliza maitasunaren bidez dago batua, eta kristauon betebeharra da lotura hori zaintzea eta hobetzea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments