HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 6
Behin batean, larunbatez gari-soroetan barna zihoan Jesus. Eta ikasleak galburuak moztu, eskuetan aletu eta jaten ari ziren. Fariseu batzuek esan zieten: «Nolatan ari zarete, larunbatez zilegi ez dena egiten?». Jesusek erantzun zien: «Ez al duzue irakurri Davidek egin zuena, bera eta beraren lagunak goseak gertatu zirenean? Jainkoaren etxean sartu eta, Jaunari eskainiriko ogiak hartuz, jan egin zituen, eta bere lagunei ere eman zizkien, legez apaizek bakarrik jan zitzaketen ogiak izanik». Eta esan zien: «Gizonaren Semea larunbataren nagusi da».
Lukas 6, 1-5.

Zer da zilegi giza jardueran?
Sinplekeria da esatea lege guztiak sobran daudela.
Legeari esker eskubideak ditugu eta elkarbizitza soziala posible da. Legea ez dago sobran eta Jesus ez dago legearen kontra. Edozein gizartek, edozein taldek bere joko-arauak jartzen ditu nahitaez.
Hala ere, gauza bat da legea eta beste bat zuzenbidea. Zuzenbideak legearen beharra du baina lege oro ez da beti zuzena.
Testu honetan, Jesusek pobre direnak (goseak jota daudenak) defenditzen ditu lege oroz harago, gizakiaren bizitza sakratua baita eta hori da, hain zuzen, Jesusek lehenesten duen zuzenbidea.
Erraza? Batere ez, zeren eta gizartearen oraingo antolamendu legalak hainbat gizakiren heriotza, mina, bazterkeria, esplotazioa baitakartza. Begiratu, besterik gabe, gaurko berriei hedabideetan.
Ziur aski, Jesus arrisku bat da gure marko legaletan.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments