HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 3
Aldi hartan, Jesus sinagogatik atera eta Simonen etxean sartu zen. Simonen amaginarreba sukar handiaz zegoen, eta haren alde zerbait egiteko eskatu zioten. Orduan, harengana makurturik, zorrotz agindu zion sukarrari, eta sukarrak alde egin zion. Berehala jaiki eta zerbitzatzen hasi zitzaien amaginarreba. Eguzkia sartu zenean, gaixoak zituzten guztiek, edozein zela ere haien gaitza, Jesusi eramaten zizkioten, eta hark, bakoitzari eskuak ezarriz, sendatu egiten zituen. Askorengandik deabruak ere ateratzen ziren, deiadarka esanez: «Zu Jainkoaren Semea zara!». Jesusek zorrotz galarazten zien hitz egitea, bazekiten-eta Mesias zela. Eguna argitu orduko, atera eta bazter bakarti batera joan zen. Jendea haren bila zebilen eta, aurkiturik, eutsi egin nahi zioten, alde egin ez ziezaien. Baina Jesusek esan zien: «Gainerako herrietan ere adierazi beharra dut Jainkoaren erreinuaren Berri Ona, horretara bidali bainau Jainkoak». Eta Judeako sinagogetan ibili zen Berri Ona hots egiten.
Lukas 4, 38-44.

Jesusi jarraitzen dion sinestedun zintzoak Jainko Aitamaren borondatea bilatzen du Jesusengan, baina badaki borondate hori ondo diszernitzea ez dela batere erraza. Jainkoarekin, benetan, noiz egiten dugu topo? Noiz gaude Jainkoaren borondatea egiten?
Gaurko hitzak zenbait oinatz oparitzen dizkigu, biderik gabeko giza baso sarrian erromesa gidatu dezaketenak.
Jainkoa Jesusengan gizakiaren etxean sartzen da, baldin eta gizakiak baimena ematen badio. Etxea itzulipurdika egon arren, ez da aztoratzen, ez du ezer maiseatzen, makurtzen baizik: gizakiaren zauriaren aurrean makurtzen da.
Jainkoa makurtzen da eta gizakia jaikitzen. Jaikitzea da, hain zuzen ere, gizakiak Jainkoarekin topo egin duelako seinaletako bat; baina, ondoren, hitzak beste seinale bat gaztigatzen digu: ingurukoen beharretan zerbitzatzen hastea. Gizakiaren beharretan zerbitzatzea da, eginean egin ere, Jainkoak Jesusengan egiten duena.
Beharbada, Jainkoari etxeko atea zabaltzeko eta bertan makurtzen uzteko, Jesusekin batera hainbat egunsenti iragan beharko ditugu gure baitan nolanahiko sukarrek alde egin diezaguten.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments