HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 17

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Lurrean sua jartzera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko sutan balego! Heriotza-urean murgildu behar dut, eta hau larria hori bete arte! Munduari bakea ekartzera etorri naizela uste al duzue? Bakea ez, banaketa baizik. Zeren hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak banaturik egongo baitira: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra; aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabaren aurka eta alaba amaren aurka, amaginarreba errainaren aurka eta erraina amaginarrebaren aurka».

Lukas 12, 49-53.

Sua jartzera etorri naiz”, horrela datorkigu Jesus. Gaurko pasarte honetan ez zaigu hitz gozoz ari, ez dira esaldi lasaiak gaurko hauek. Izan ere, Jesusek ez digu bake azalekorik eskaintzen.

Jesusen sua ez da su fisikoa, ez dugu zerbait erasotzailetzat jo behar, baina bai garbitzailetzat. Erre egiten du, nola baina? Gure axolagabekeriari, gure ohitura txarrei… eta, batik bat, geure zilboresteari beha eta beha egoteari behingoz buru eman diezaiogun bilatzen du Jesusek, “berauek guztiz erretzea”.

Horiek guztiak erre behar dira, ezinbestez, benetako Egia hartzeko prest dagoen bihotz garbia eduki dezagun. Horregatik, hain justu ere, hasiera batean bere Egiak, Ebanjelioak, ez du bakerik ekartzen, ez besteei, ez norberari. Bere Egiak banatu egiten du, benetako bakea ekarri ahal izateko, etorkizunerako benetako bakearen oinarria eraiki ahal izateko,  bake azaleko eta gezurrezko batean lokartuak inondik gera ez gaitezen.

Heriotza uretan murgildu behar dut”, diosku Jesusek. Ez du krisirik saihestu nahi, ez dio bere zereginari uko egin nahi. Barrura jaisten ez den espiritualtasuna azalekoa da eta, finean, ez da benetako espiritualtasuna; ez dago piztuerarik, heriotza barneratu gabe. Bada, heriotza-uretan murgiltze horretara, gu geu gara deituak eta, hortaz, gure ameskeriak, gure mozorroak, gure defentsa sistemak urperatzera.

Barneko sua, hortaz, ez da samurra hasieran. Halere, eta lehenengo itxura batean kontrakoa badirudi ere, ez da familia suntsitzeko mezu bat, baina bai harreman guztiei argia ematekoa. Egia agertzen denean, bakoitzaren baitan gertatzen da haustura: nor naiz ni besteek espero duten hori ez banaiz?, nola bizi nire fedea, ingurukoek ulertua izan gabe?

Baina ez dezagun geure burua engaina, zatiketa barnekoa da aurren-aurrenik. Horren ostean, gero, kanpoaldean islatuko da. Baina hasiera-hasieran barnealdekoa da eman beharreko eraldaketa eta “barne isiltasuna” dei genezakeen horri egon daiteke lotua. Eta barne isiltasun delako hori, zinezkoa bada, ez da beti lasaia eta asko-askotan beldurgarria, zinez aztoratzailea izan daiteke. Egiak gure izaeraren kontraesan asko jartzen ditu agerian eta hori, hasiera batean behintzat, ez da erraz eramatekoa.

Hori guztiori dakar berarekin Jesusen Suak, Jesus den Suak, ez du errukirik harrera faltsuekin, benekotasuna du aurre-eskakizun, eta, horregatik hain justu ere, Berari zintzotasunez jarraitu nahi dionak kontraesanak, tentsioak, ezin eramanak izango ditu bizitzan zehar. Hori baina ez da seinale txarra. Galdera asko sortuko dizkigu hasierako su horrek: zer erre nahi du niregan?, zer garbitu, zer askatu?, nor naiz ni, behin nire egitura zaharrak erori direnean?

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.