HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 15

Aldi hartan, Maria jaiki eta bizi-bizi mendi aldera joan zen, Judeako herri batera, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. Mariaren agurra entzun zuen orduko, jauzi egin zion Elisabeti haurrak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete zen, eta esan zuen oihu handiz: «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua. Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, jauzi egin dit haurrak pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!». Mariak esan zuen: «Handiesten du nire arimak Jauna, pozaren pozez daukat neure barrua, Jainkoa baita nire salbamena, ikusi baitu mirabe honen ezereztasuna. Horregatik, dohatsu deituko naute gaurdanik gizaldi guztiek, handiak egin baitizkit Ahalguztidunak; santua da haren izena, eta haren errukia gizaldiz gizaldi begirune diotenengana. Bere besoaren indarra erabili du, buru-harroak suntsitu ditu; bota ditu beren aulkietatik ahaltsuak, eta gora jaso ditu ezerezak; ondasunez bete ditu gose zeudenak eta esku-hutsik bidali aberatsak. Lagun etorri zaio bere morroi Israeli, bere errukiaz oroiturik; hala zien gure gurasoei hitzemana, Abrahami eta ondorengoei betiko esana». Mariak hiru hilabete inguru egin zuen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.

Lukas 1, 39-56.

Arima handitzen denean…: «Handiesten du nire arimak Jauna…» Maria ez doa soilik bisitan. Maria bidean doa: presaka, bizi-bizi, mendi aldera…Ez doa ihesi, ez da bisita formal bat berea. Dakarren presa barrutik datorkio, Jainkoaren hitzek bere baitan eragindako lurrikara sakonetik.

Bi emakume elkarren aurrez aurre, bi sabel, bi haur jaiotzear, baina hori baino askoz gehiago, bi misterio elkarren aurrez aurre: bateko, Elisabeten baitakoa, zahartzaroaren eta ezinezkoaren fruitua dena; besteko, Maria, fede garbitik eta baietzik zintzoena eman izanagatiko fruitua. Eta bien artean, bizitzak jauzi egiten du.

Maria argitan dator, ez du asko hitz egiten, misteriotan misterio den Jesus baitu bere baitan hazten, Jainkoari ari zaio leku egiten. Horren ondorioz dator Elisabeten lilura moduko hori: “Bedeinkatua zu… eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua”. Hau ez da laudorio hutsa, ez aitorpen besterik gabekoa. Mariak bere baitan daraman misterio ezin handiagoaren kontzientea da Elisabet, eta, apaltasunez, berorren aurrean makurtu baino ez da egiten.

Maria, kantuan antzo, lehertzen da. Egia esan, ez kantu batean, baizik eta arimaren goraldi batean, bere barnea ezin emanda dago daraman Handitasun hori dela-eta: «Handiesten du nire arimak Jauna…». Hori ez da Jainkoa ikuste hutsa, ez da Jainkoa ulertzea, baizik eta Jainkoaren presentziak arima guztiz handitzen diola sentitzea da.

Mundua guztiz eraldatuko duen Misterioa ez dator handikien eremu batetik, ez eta tenplutik ere, bi emakume apal haurdunen arteko besarkadari dago oso lotua. Hor dago, hain justu ere, ebanjelioaren logika iraultzailea, goitik emango ez dena, baizik eta beheko zaurgarritasunetik, ez indarrez, errukiz baizik. Eta hortik dator Magnificat, poema bat ez dena, ez aitorpen hutsa, baizik eta bihotz batek, zinez esnatzen denean, kantatzen duena.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.