HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 10

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez beldur izan, ene artaldetxo hori, gogoko izan baitu zuen Aitak erreinua zuei ematea. Saldu zeuen ondasunak eta eman limosna. Pila itzazue zeruan hondatuko ez diren ondasunak, huts egingo ez dizuen altxorra, hara ez baita lapurrik hurbiltzen, ezta ere han sitsak jaten. Zeren, zuen altxorra non, zuen bihotza han. Zaudete prest, jantziak loturik eta kriseiluak pizturik; izan zaitezte nagusia ezteietatik noiz itzuliko zain dauden morroiak bezalakoak, iritsi eta atea jo bezain laster irekitzeko prest dauden morroiak bezalakoak. Zorionekoak morroi horiek, nagusiak, iristean, zain aurkitzen baditu! Egia diotsuet: arropak aldaturik, mahaian eseraraziko ditu eta zerbitzatzen hasiko zaie. Eta gauerdian nahiz goizaldean badator eta horrela aurkitzen baditu, zorionekoak haiek! Hartu gogoan hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko den jakingo balu, ez luke etxea zulatzen utziko. Egon prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea». Pedrok galdetu zion: «Jauna, guretzat ala denentzat esan duzu parabola hau?» Jaunak erantzun: «Izan zaitezte etxezain leiala eta zentzuduna bezalakoak, nagusiak, bere orduan behar den janaria banatzeko, morroien buru ipini duena bezalakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu! Benetan diotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko du. Baina morroia, nagusiak luzatuko duelakoan, morroi-lagunak eta neskameak jotzen eta jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia, gogor zigortuko du eta desleialek merezi dutena emango dio. Nagusiaren nahia zein den jakin arren, gauzak hark nahi bezala eratzen edo egiten ez dituen morroiak zigor gogorra izango du; nagusiaren nahia zein den jakin gabe, zigorra merezi duen zerbait egiten duenak, berriz, biguna. Asko eman zitzaionari, asko eskatuko zaio; eta askoren kargua eman zitzaionari, are kontu handiagoa eskatuko».

Lukas 12, 32-48.

Aste osoan zehar eskaini zaizkigun pasarteak eta hariak biltzen dituen Ebanjelioa dugu gaurkoa.

“Ez beldur izan, ene artaldetxo hori, gogoko izan baitu zuen Aitak erreinua zuei ematea”. Errukiz beterik sendatu eta ase zuen jendetza gogorarazten digu. Jainkoaren begirada maitatia, gure beharrak eta ezinak lehenesten dituen Aitaren begirada. Eta baita neurririk gabe jokatzen duen Jainko Aita, gainezkako maitasunez, borborka ateratzen zaion maitasunez maite gaituen Jainko Aita. Izan ere zer emango eta erreinu osoa. Esaldi labur honetan biltzen da, aldi berean, Jesusek Jainko Aitarengan duen uste osoa.

“Zuen altxorra non, zuen bihotza han”. Egiazko altxorra, egiazko Bizia non aurkitu gogoratzen ari zaigu. Geure buruak zaindu ala …

“Zaudete prest, jantziak loturik eta kriseiluak pizturik”. Ongi zaindu beharreko olioa dugu eskuartean.

Jesusen jarraitzaile izateak gure aldetik ardura eta zainketa eskatzen du, kontuan izanik ematen zaiguna sekulakoa dela: Jainkoak bere guztia ematen digula, gu, zerbitzari hutsalok, bere mahaian eseraraziz eta bera gure zerbitzari jarriz.

Jesus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.