HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 8
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia nigatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du. Zertako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badu? Eta zer eman dezake gizakiak berriro bizia eskuratzeko? Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruekin, eta orduan bakoitzari bere jokabidearen arabera ordainduko dio. Egia diotsuet: hemen direnetako batzuk ez dira hilko, Gizonaren Semea errege bezala etortzen ikusi arte».
Mateo 16, 24-28.

Sarri zer esan, zer pentsa ez dakigula uzten gaituen pasarteetakoa dugu gaurkoa. Orain urte batzuk nahiko normaltzat hartzen zen bizia emateko prest egotea. Zenbait idealismok horretara bideratzen zuten. Gaur inor gutxiri bururatzen zaio horrelakorik. Jesusen eskaria ulergaitza egiten zaigu. Norbera maitatu behar dela azpimarratzen zaigu alde ugaritatik, eta geure egina dugu dagoeneko. Arrazoiak ez zaizkigu falta Jesusen eskaerari aurre egiteko.
Hala ere behin eta berriro errepikatzen duen eskarietako bat da gaurkoa, eta hori ezin dugu baztertu. Zoriontasun eta ontasun bilaketan, azken batean maiuskulazko Bizia aurkitzeko bilaketan, bidea nahastu ote dugu? Bizia, geure ongizatea eta ongi-aurkitzea bilatu ordez kontrabidetik ote datorkigu?
Jesus esaten ari zaigu: “Egiaz Bizia nahi baduzu, utzi niri; nik emango dizut inoiz amestu ez duzun Bizia; zure bilaketa eta ezintasun guztiekin amaituko duen Bizia; zeure burua zaindu nahiean bazabiltza hortxe geratuko zara, aldiz, zeure buruaz ahaztu eta niri begira jartzen bazara Bizia alde guztietatik lehertuko zaizu.”
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments