HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 3
Aldi hartan, jende arteko batek esan zion Jesusi: «Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nirekin erdibanatzeko».Jesusek erantzun zion: «Lagun, nork jarri nau Ni zuen artean epaile edota ondasun-banatzaile?». Eta jendeari esan zion: «Kontuz! Gorde zeuen burua diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere». Gero, parabola hau kontatu zien: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion. Eta honela hasi zen berekiko pentsatzen: “Zer egin, ez baitut uzta non jasorik”. Eta beretzat esan zuen: “Badakit zer egin: mandio zaharrak botaeta handiagoak egingo ditut eta haietan jasoko garia eta gainerakoak. Gero, esango diot neure buruari: “Ea, motel! Baduk hor gordeta urtetarako ondasunik aski; hartu atseden, jan, edan eta bizi ongi!”. Baina Jainkoak esan zion: “Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duk. Norentzat izango duk pilatu duana?”». Eta honela amaituzuen Jesusek: «Horra zer gertatzen zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, ondasunak beretzat pilatzen dituenari».
Lukas 12, 13-21.

Zenbat gustatzen zaigun pilatzea; badaezpada gordetzen dugu, eta daukagunarekin gustura ez eta gehiago behar izaten dugu.
Egia da honek nolabaiteko segurtasuna ematen digula; ez dakigu etorkizunak zer ekarriko duen eta, aukera sortzen denean, pilatzeko joera dugu.
Gaurko pasarteak gogoeta bat egitera bultzatzen gaitu; pilatu bai, baino, zertarako? ondasunak pilatzeko joera dugun honetan, azken egunean hemen geratuko direla gogoratzen digu ebanjelio pasarteak, hautsak aurretik jaten ez baditu; hau da, ez dute Jainkoarentzat balio berezirik.
Gogoeta egiteaz aparte, zeruko ondasunak bilatzeko gonbidapena jasotzen dugu, Jainkoaren aurrean aberats gertatzeko.
Gure egitekoa ez da ondasunak pilatzea, ondoren lasai bizitzeko, nahiko jan eta edan dugularik; hau gure bizitza honetan zentratua egotea besterik ez da. Gure bizitzan bakarrik. lagun-hurkoa kontuan hartu gabe.
Jainkoak partekatzera gonbidatzen gaitu, ez duenarekin bat egiteko gonbidapena jasotzen dugu; egia esan, ditugunak ez dira gureak, maileguak balira bezala bizitzera gonbidatuak gaude. Lagun-hurkoaren alde egitea posible egiten duten maileguak.
Kontua da, zuk non dituzu, non gordetzen dituzu zure ondasunak?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments