HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 31
Jesus otoitzean bakarrik ari zela, ikasleak hurbildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien: «Nor naizela dio jendeak?». Haiek erantzun zioten: «Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek, berriz,antzinako profetaren bat piztu dela». Jesusek, orduan:
«Eta zuek, nor naizela diozue?». Pedrok erantzun zion: «Jainkoaren Mesias». Jesusek inori ez esateko agindu zien zorrotz. Eta esan zien, gainera, ikasleei: «Gizonaren Semeak asko sufritu beharra du; zaharrek, apaizburuek eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, baina hirugarren egunean piztuko da». Eta hau esan zien denei: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza eguneroko bere gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia salbatu nahi duenak galdu egingo du; baina bere bizia Nigatik galtzen duenak salbatu egingo du». Zertako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen eta hondatzen badu? Beraz, norbait Nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da hartaz, bere aintzaz eta Aitaren eta aingeru santuen aintzaz beterik etorriko denean».
Lukas 9, 18-26.

“Nor naizela dio jendeak?” Galdera zaharra beti berri bihurtzen dena; erantzun asko dituen galdera. Batzuk esango dute ez zela existitu, besteak pertsona on bat izan zela, zenbaitek Jesus “berrinterpretatu” egiten dute, hainbat pelikula edo liburuetan, elizak gauzak eskutatu egin dituelako, noski; eta nola ez hemen daude baita ere Jesus Jainkoaren Mesias dela aitortzen dugunok.
Jesusek erantzun guztiak ezagutu nahi ditu, baina gehien interesatzen zaiona gutako bakoitzak ematen dugun erantzuna da: “eta zuek, eta zuk, nor naizela diozue?”. Erantzun honetara iristea bidea egitea da, ez bait da besteen sinesmena aitortzea, gurea, zurea den sinesmena aiortzea da. Eta hona ez gara bakarrik iristen, Jainkoaren Espirituaren laguntzaz baizik.
Ondoren errealitatearekin topo egiten dugu: gure Mesias ez da mirariz mundua salbatuko duen Mesias bat. Ez dio uko egiten sufrimenduari, baina aldi berean hau ez dela azken hitza esaten digu; hirugarren egunean piztuko dela dio.
Gure bizitzetan sufrimendurekin topo egiten dugunean ez gaude bakarrik; Jainkoa gurekin dugu, piztuko garela dio. Izan dadila mezu hau itxaropenaren adierazle, Jainkoak gurekin bat egiten duen seinale.
Loiolako Ignazioren egun honetan saiatu gaitezen gu ere galderari erantzuten, bere antzera: “Eta zuek, nor naizela diozue?”
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments