HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 29
Aldi hartan, judu asko etorri zen Marta eta Mariagana, nebarengatik doluminak ematera. Marta, Jesus zetorrela entzun orduko, bidera atera zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen. Martak esan zion Jesusi:
«Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko. Hala ere, badakit eskatuko diozun guztia emango dizula Jainkoak». Jesusek erantzun zion: «Piztuko da zure neba». Eta Martak: «Badakit piztuko dela azken egunean,hildakoen piztuerakoan». Jesusek esan zion orduan:
«Ni naiz piztuera eta bizia; nigan sinesten duena, hilik ere, biziko da, eta bizi dena, nigan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hori?». Martak erantzun zion: «Bai, Jauna, sinesten dut Zu Mesias zarela, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena».
Joan 11, 19-27.

Marta bidera ateratzen da, ez da zain egoten; bere kexa azaltzen dio Jesusi: “hemen izan bazina”, baita ere bere sinesmena: “bai, Jauna, sinesten dut Zu Mesias zarela”. Hau da gure otoitzean egiten dugun bidea: Jainkoaren bidera atera, eta gure sinesmenaren indarrez, gure bihotzean damazkigunak azaltzen ditugu, kexak barne.
Eta hau egiten dugun bakoitzean Bizia aukeratzen dugu, heriotza gailentzen duen Bizia.
Hemen dago, gurekin dago, naiz eta gure iritsiz berandu ibili; gure denborak eta bereak ez dira berdinak, baina bat egiten dute sinesmenean.
Gaurkoan gure sinesmena aitortzera deituak gaude, Bizia den Mesias mundura etorri eta gure artean, guregan dagoela sinestera. Egia da heriotza zenbaitetan nagusitzen dela ematen duela; orduan ere gogoan har ditzagun Jaunaren hitzak: bera da Piztuera eta Bizia.
Egin dezagun guk ere Martak egin zuen bide berdina, otoitzean, gure bihotz barrenean daramaguna azaldu diezaiogun Jainkoari, eta ireki ditzagun gure begiak eta belarriak, Bizia den Jainkoa gurekin dugu eta, gure artean dago eta heriotza gailenduz.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments