HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 28
Aldi hartan, parabola hau esan zion Jesusek jendeari: «Zeruetako erreinua gizon batek soroan ereiten duen mostaza-haziaren antzekoa da. Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten denean, beste barazki guztiak baino handiago bihurtzen da eta zuhaitz egiten, txoriek etorri eta haren adarretan habiak egiteko moduko zuhaitza». Beste parabola hau ere esan zien: «Zeruetako erreinua legamiaren antzekoa da: emakume batek hiru lakari-irinetan nahasten du, eta ore guztia harrotzen da». Irakaspen hau guztia parabola bidez eman zion Jesusek jendeari, eta ez zien ezer irakasten parabola bidez izan ezik. Honela bete zen Jainkoak profetaren bidez esana: «Parabola bidez mintzatuko naiz, munduaren hasieratik gordea zegoena azalduko dut».
Mateo 13, 31-35.

Jainkoaren erreinua… zer izango ote da hori? batzuetan Jainkoaren aurrera iristen naizenean ezagutuko dudan zerbait dela iruditzen zait; orduan bakarrik ezagutuko dut, bere osotasunean, zer den.
Baina aldi berean neure buruari esaten diot: “hori bada pentsatzen duzun bakarra, tranpa egiten ari zara”.
Berri Onak dio Jainkoaren erreinuan gure artean ere badela, eta gutako bakoitza gonbidatua dagoela erreinu horren parte izatera. Erreinua bizi honen amaieran, bai; baina baita ere bizi honetan.
Horretarako bidea erakusten digu: Jesus da bidea, berak adierazten, eta erakusten digun maitasunean, bakean, barkamenean… erreinua zer den eta nola gauzatzen den. Eta erreinua eraikitzeko gonbidapena jasotzen dugu; ez da berak bakarrik egin nahi duen ezer, gurekin egin nahi du.
Guri dagokigu hain txikia den hazia ereitea, itxaropena galdu gabe, gure indar eta bizia horretan jarriz.
Ez dezagun tranpa egin; Aitaren etxera iristen garenean ezagutuko dugu Zeruetako erreinua bere osotasunean, bitartean saiatu gaitezen hemen ereiten, txikitasunean, Jainkoaren laguntzarekin, bere gonbidapenari baietz erantzunez.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments