HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 27

Behin batean, Jesus otoitzean ari zen leku batean; bukatu zuenean, ikasleetako batek esan zion: «Jauna, irakats iezaguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi zien bezala». Jesusek esan zien: «Otoitz egitean, esazue: “Aita, santu izan bedi zure izena, etor bedi zure erreinua, emaguzu egunean eguneko ogia, eta barkatu gure bekatuak guk ere zor diguten guztiei barkatzen diegunez gero, eta ez utzi gu tentaldian erortzen”». Gero, esan zien: «Eman dezagun, zuetako batek adiskide bat duela eta gauerdian datorkiola, esanez: “Adiskide, emazkidak hiru ogi, itzuliko ditiat eta; lagun bat etorri zaidak bidaian eta ez zeukaat zer eskaini”. Eman dezagun, besteak barrutik erantzuten diola: “Utz nazak bakean! Atea itxia zegok, eta haurrak eta neu oheratuak; ezin naitekek ematera jaiki”. Hau diotsuet: adiskidea duelako ez bada ere, aspergarri izan ez dakion behintzat, jaiki eta emango dio behar duena». Hau diotsuet, beraz: «Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko dizue; eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitu, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio. Zuetako norbaitek, aita izanik, semeak arraina eskatuta, sugea emango ote dio arrainaren ordez? Edota arrautza eskatuta, eskorpioia emango ote dio? Beraz, zuek, gaiztoak izanik ere, zeuen seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez gehiago ez ote die zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango eskatzen diotenei!».

Lukas 11, 1-13.

Zein indarra duen “Gure Aita” otoitzak! Egunero esaten badugu ere, egunean behin baino gehiagotan erabiltzen badugu ere, beti gaurkotasuna dakarkigu. Hain ederra eta beharrezko egiten zaigu gure barne desioekin konektatzeko!

Gauza asko esan badaitezke ere, Jainkoari Aita-Ama deitzean, maitasunaren uhinean jartzen gaitu hasieratik. Gaisotasun edo zorigaiztoko egoerak bitarteko ez badira, nork ezin du ulertu edo bizi zein den aita-ama eta seme-alaben arteko lotura? Ama-aita senak gidatzen duen maitasuna da, babesteko eta elikatzeko beharra, ongizatea bermatzeko premia sentitzen dena harreman honetan. Hori da bada, guretzat berri ona: Jainkoak horrelaxe maite gaitu!

A zer zori ona dugun honelako Jainkoarekin! Parabolan argi geratzen zaigu: eskatu eta emango digu, bilatu eta aurkituko dugu, atea jo eta zabalduko zaigu. Honek ez du esan nahi Jainkoa gure nahietara makurtuko denik, baina bai Bera beti gurekin egongo dela aldatu daitekeena aldatuz, eta onartzen lagunduz aldatu ezin dena.

Ez dezagun ba etsi gure Jainkoarekiko harremanean Berari eskatzen eta eskatzen. Guretzat eta denentzat. Berak on besterik ezin du egin eta.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.